Xabier Gezuraga
Quick Facts
Biography
Xabier Gezuraga Jauregi (Lekeitio, 1969ko martxoaren 26a) euskal argazkilari eta espeleologoa da, zeruko irudietan eta labar-artearen interpretazioan espezializatua.
Bizitza pertsonala
Ogibidez sukaldaria, irakaslea da Leioako Ostalaritza Eskolan.
Argazkilaritza
2005 urtetik aurrera zeruen argazkigintza landu du. Canon EOS 5D Mark II kamera batekin, fenomeno atmosferikoen "ehizan" nabarmendu zen (ekaitzak, ostadarrak, parhelioak...). Hortik eguzkiaren eta ilargiaren irudiak lantzera igaro zen, eklipseak barne. 2015tik aurrera, aitaren heriotzaren ostean, naturaren irudion dimentsio gizatiarra esploratzen hasi zen.
Espeleologia
2015 urtean ADES Espeleologia Elkartean sartu zen: lehenik prospekzioan, eta teknika ikasi ostean baita esplorazioan ere. Besteak beste, 2015ean Garratxa III-ko eta 2016 urtean Armintxeko aztarnategi arkeologikoen aurkikuntzetan parte hartu zuen. Harrezkero, esplorazioaz gain, lurpeko argazkilaritzan eta labar-artean espezializatu da. 2020 urtean labar-artearen interpretazioari buruzko "El arte de representar el tiempo" liburu monografikoa argitaratu zuen.
Labar-artea
Gezuragak labar-artearen interpretazio hipotesia garatu du, urtearen irudikapen kronologikoarekin, erreferentziazko animalien bizitza-zikloekin eta ilargiaren faseekin lotua. Bi hipotesi jaulki ditu, Pirinio Atlantiko inguruko labar-artearen ezaugarriak aztertu eta gero:
- Ikurren kodea: labar-artearen egileek urtaroa zati nagusi bitan banatuko zuketen, iraupen desberdinekoak: batetik negua, eta bestetik "uda handia" (udaberria, uda eta udazkena). Oro har zaldiak negua irudikatuko luke; bisonteak, berriz, uda (nahiz eta animali-ikurretan aldaerak dauden, oreinak eta haien adarren zikloak ere oso erabiliak direlarik). Gezuragaren teorian, ikur hauen itxurak (osorik, gorputz atalen baten falta, ilajea...) urtaroaren aurreratze-faseei buruzko informazioa emango luke; eta aldaera guzti hauek ilargi faseekin eta eguzkiaren posizioarekin (iltze formako zeinuak) lotuta zeudekeen.
- Mugikortasuna: labar-artearen ezaugarrien arabera, Aturri ibai inguruko giza-talde batzuk urteroko ziklo bat burutuko zuketen. Negua kostatik hurbil pasatuko zuketen, itsasoaren klima leunean; udaberriarekin, ibaiean gora mugituko ziratekeen, uda Pirinioko lur urtsu eta ehizaz betean igarotzeko; udazkenarekin, ibaiean behera nabigatuko zuketen, neguko babeslekuetara itzuliz.
Erreferentziak
- ↑ «Blogger: Erabiltzaile-profila: Xabier Gezuraga» www.blogger.com .
- ↑ (Gaztelaniaz) «El último resplandor» El Correo 2016-07-17 .
- ↑ (Ingelesez) «El arte de representar el tiempo» Issuu .
- ↑ Ades. (2015-07-18). «Garraitz: lehen kontaktua» Asteroko kronikie .
- ↑ «Paleolitoko altxorra aurkitu dute Lekeitioko Armintxe koban - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2016-10-13 .
- ↑ «Xabier Gezuraga: "Animaliekin denbora aldiak adierazten zituzten" - Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza» Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2020-03-18 .
Kanpo estekak
- Lekitxoko Zeruak argazki bloga
- Armintxe.com , labar-arteari buruzko bloga
- El Arte de Representar el Tiempo liburua.