peoplepill id: pedro-sodupe
PS
4 views today
4 views this week
The basics

Quick Facts

Gender
Male
Place of birth
Elgoibar, Debabarrena, Gipuzkoa, Basque Country
Place of death
Mendaro, Debabarrena, Gipuzkoa, Basque Country
Age
78 years
The details (from wikipedia)

Biography

Pedro Sodupe Esnaola, ezagunagoa Gelatxo ezizenaz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1928ko otsailaren 22a - Mendaro, Gipuzkoa, 2007ko urtarrilaren 29a) trikitilaria izan zen.

Jatorria

Gelatxo I

Pedrori ez zitzaion soinurako grina zerutik etorri, ezta Gelatxo goitizena ere. Izan ere bere aita Manuel Sodupe Zubizarreta Elgoibarko Gelatxo baserrian jaio zen eta gerra aurreko garaietan sona handiko trikitilaria izan zen, berau soinu txikiarekin bere emazte Juliana Esnaolak panderoan laguntzen ziolarik. Halako bikote batetik 3 seme soinujole eta 3 alaba dantzari sortu ziren. Tartean Pedro, 1928an Elgoibarko Agarre baserrian.

Aita-semeen artean ia mende oso bat dantzarazi zuten: 1910. hamarkadatik 2000. urtera arte.

Musika ibilbidea

Musika munduan tronpeta ikasiz hasi bazen ere gerora aspertu eta botoidun soinua ikasten hasi zen nahiz eta gerora piano teladunarekin egin zen ezagun. 16 urterekin zan zen hori eta 17rekin jada bere lehen agerraldi publikoa egin zuen soinuarekin dirua irabazten asi zelarik. Eta lan horri eutsi zion 72 urterekin, osasunak behar bezala jotzen uzten ez ziola eta plazak uztea erabaki zuen arte.

Dena dela lehenago aitari laguntzen ibilia zen. 10 urte zituela panderoa joz laguntzen zion eta baita dirua biltzen ere. Garai haietan ohikoa izaten zen dirua biltzeaz arduratzen zen norbait eramatea trikitilariek, zenbat plazetan jo aurretik plazagatik enkantean agindutako prezioa ordaindu egin behar izaten baitzuten eta dantzariengandik berreskuratu behar diru hura galdetzen aterako ez baziren. Dena dela, garai hartan soinuak zuen estimuarekin apenas izaten zuten galerarik halako saioetan. Gipuzkoa eta Bizkaia oso osorik pasa zituen Gelatxok eta baita Nafarroa iparraldea ere.

Haurtzaroa eta gazte bizitza

12 urtera arte eskolan aritu bazen ere, gerra iritsi zenean gauez bakarrik ateratzen ziren etxetik egunez hegazkinen batek tirokatuko zituzten beldur. 1949. urtean, 21 urte zituela joan zen soldaduskara soinu eta guzti. Han ofizialen dantzaldi eta afariak alaitzeagatik famatu egin zen, ofizial haietako bat bere soinuaren konponketa ordaintzera iritsi zelarik.

Soldaduskatik bueltan armeria ofizioa ikastearekin batera Donostiako Erviti musika dendatik partiturak erosten eta “Canciones del mundo” edota “Musicas del sur” bezalako bildumetara harpidetu zen.

Lehen saioak

Soinu jotzetik lehen soldata Mutrikuko Antzumendin irabazi zuen eta handik Zengoia, Berriz edota Itziarko Santa esketan jotzera pasa zen berehala. 40 duro inguru saioko. Garai hartan dirudik ez eta sarrera oro baitzen ona. Laster hasi zen erromeriak ematen ere. Hasieran dozena bat pieza bueltaka zerabiltzala eta gerora errepertorioa apurka apurka zabalduz. Eibarko itsuarekin pieza berriak ikasten jardun eta berehala sortu zuen Gelatxo taldea, saxofoia eta batera lagun izango zituelarik orduz geroztik. Hasiera batean, ibilgailu propiorik ez zutela eta trenez bidaltzen zituzten instrumentuak jo behar zuten herrira eta ondoren herrian bertan instrumentuak geltokitik jaso, ordu luzez jotzen aritu eta gaua bertan igaro ondoren hurrengo egunean lanera. Trenik edota errepiderik iristen ez zen lekuetan jotzeko berriz astoa erabili izan zuten instrumentuen garraiorako. 25 urte bete zituenean erosi zuen Gelatxok Vespa bat eta taldekideen artean 2 motor osatu zituztenean haietan mugitu ziren batera eta bestera: batean Gelatxo hanpa artean soinua eta atzean bateri jolea danborra besoan eta bonboa bizkarrean zuela eta bestean saxofoilaria gainerako trasteak zeramatzala.

Bizimodua: erromerietako langile

Soinu handia jo arren, txikiaren errepertorioari ekarpen asko egin zizkion Gelatxok. Aitari soinu txikiko pieza asko ikasi zizkion eta baita txistulari bandei ere. Partituretatik beste mordo bat eta gerora bera sortzen hasi zen. Beti esan izan da bere abestien ukitu triste bat zutela. Lehenago ordea piezarik tristeenek ere alaitasuna ekartzen zutela musikari gabeko garai haietara.

Aiako Santiago errekako jaietara 37 urtez joan zen Gelatxo bai bakarka eta bita taldean ere. Lasturrera berriz 40 urtetan eta Markina, Zumaia, Amezketa, Orioko San Martinera ere askotan joan zen. Urte batean 140 saio egitera iritsi bazen ere, bataz beste 100 egiten zituen tartean bi tokitan jo beharreko egunak eta toki berean pare bat egunez jo beharrekoak izaten zituelarik, adibidez garai haietan oso ohikoak ziren baserrietako ezteietan. Askotan ikusi zuen gaua bere begien aurrean pasatzen eta eguna argitzen. Berak pizten zuen festa eta nekeak itzaltzen.

Guzti honek txanponaren beste aldean Maria bere emaztearen bakardadea zekarren. 25 urte zituela ezkondu zen Pedro Maria Mendikuterekin, honek 22 zituela, eta seme bat eta ala bat izan zituzten. Mariak berak esana da “ezagutzen zuela Pedroren soinujotze martxa, bana etxetik kanpo hainbeste egun pasako zituenik” ez zuela imajinatu ere egiten. Noizbait Gelatxoren emazte bezala aurkeztutakoan “ah, uste nuen mutil zaharra zela” ere entzun omen zuen. Izan ere Gelatxok oso serio hartu zuen bere funtzioa musika gabeko gizarte hartan. Musikarik gabeko garaiak ziren haiek. Gaur egun imajina ezin dena, izan ere telebistan, kotxean, irratian, mugikorrean, tabernan, ile-apaindegian… Musikaz inguraturik gaude. Garai hartan ordea isiltasuna zen nagusi. Irratian noizean behin entzun zitekeen abesti bakanen bat eta gainerakoak zuzenean jotakoa behar zuen derrigor. Horregatik musika hura entzutean dantzatzen ez zena hiltzat jotzen zen. Inork ez zuen gizon edo andre harekin ezkondu nahiko. Gauza asko zegoen jokoan garai bateko erromerietan, ez festa eta algara bakarrik. Edozein aitzakia ona izaten zen soinujoleren bat ekartzeko: baserrietan garia jotzea bukatzen zutenean esaterako festa egin nahi izaten zuten eta hala jasotzen zituen Gelatxok batera eta bestera soinua jotzera joateko deiak. Garai hartan gizarteak soinuari ematen zion garrantzia hark eragin zion Gelatxori bere bizitza pribatua bigarren maila batean uztea. Hala ere, erretiratu ostean egin zitzaizkion 5 omenaldietan Maria emaztearekin batera omendu zuten Gelatxoren jardunean Mariak zuen konplizitatea errekonozituz, bera oso musikazalea ez bazen ere. Hauek Amezketan, Aiako Santiago Errekan, Elgoibarren, Lasturren eta bere sorleku zen Elgoibarko San Lorenzo auzoan.

2000. urtean, Elgoibarren jotzen ari zela hoztu eta bronkioetako infekzioa izan zuen. Hortik aurrera soinua jotzerakoan behar baino gehiago nekatzen zela sumatuta erretiratu zen, 10 urte lehenago birikak ahultzen ari zitzaizkion susmoa bai baitzuen jada. Eta berarekin batera erromerietan dantzan dibertitzen zen gizarte bat ere aldentzen doa. Gelatxoren esanetan gaur egun melodia errazekin konformatzen gara, tonu bakar batekoekin. Gainera soinujoleak eta musika bera orokorrean ugaldu egin dira eta dantzariak gutxitu.

Sortzailea

Inoiz diskorik grabatu ez bazuen ere Loiola eta Arrate irratietan egin zituen grabazio batzuk eta jendearentzat zintza asko grabatu zituen: bai trikitilarientzat piezak ikas zitzaten baita trikitizaleentzat ere kotxean entzun zitzaten. Izan ere garai hartan trikiti eske handia zegoen eta trikitilariek euren plazak irabazteko beti pieza berrienak eraman nahi izaten zituzten eurekin. Orduan trikitilariak elkar grabatzen hasi ziren: Laja Gelatxori, Martin Lajari eta Zendoia Martini esaterako. Kate honek eragin zuen besteak beste, Gelatxoren zenbait pieza Martinek grabatzeagatik bere bezala ezagutzea, azken honen esanetan “garai hartan ez baitzen galdetzen pieza norena zen, ezta diskoetan sortzailearen izena jarri ere; piezaren izena justu-justu jartzen zen diskoetan”. Gelatxok bazuen honen berri eta baita autoreen elkarteen eta berari zegozkion eskubideen berri ere baina sekula ez zuen neurririk hartu honen gain. Bere esanetan jendeak bere piezak grabatzeko zuen grina eta gosea edota kanta batzuk herriak hain gustuko izanda “herrikotizat” hartzeak asetzen zuen bere harrotasuna. Hala ere, neurria jartze aldera, plazaren batean jotzen bazebilen eta trikitilariren bat publiko artean ikusten bazuen ez omen zuen pieza berririk jotzen eta orduan hasi omen ziren batzuk zein besteak sasi artean ezkutatu eta saio osoak grabatzen desio zuten pieza hura entzun eta grabatu arte. Pepe Yanzi bezalako beste sortzaile garrantzitsu batzuk ere baziren arren, Gelatxorenak ziren pieza berrien hamarretik bederatzi, eta haietatik gehienak ezkutuan grabatuak. Pieza berrien iturri agorrezintzat zuten Gelatxo eta askoren hitzetan gaur egun ezagutzen diren kalejira asko bereak direla jakina da.

Bere ekarpena handia izan zen Gipuzkoako soinugileen artean eta ia-ia herrialdeko plaza guztietan jo zuen jaietan.

Gelatxo taldea

Gelatxo taldeak kide ezberdinak izan zituen arren azken urteetan Enrike Eguren saxu-jotzailea eta Jose Makazaga “Ziolar” bateria-jolea zan zituen bide lagun. Euren emanaldiak aurrera ateratzeko bozgorailu eta mikrofono batzuekin moldatzen ziren. Ez ziren sekula istiluetan sartu eta “Ez Dok Amairu” mugimendukoei ez bezala diktadura garaian ere ez zuen debekurik jaso. Izan ere bere publikoa batez ere ez zen aldaketa sozial eta politiko bila zebilen hura, baizik eta lehengo tradizioari eutsi zale ziren haiek. Dena dela behin isun bat jarri omen zioten Goiatzen herriko gazte eta udalak zuten istilu bat zela medio. Udalak Maltzeta ekarri zuen eta gazteek Gelatxo eta guardia zibilak alkatean kexei jarraiki bidali egin zuen Gelatxo eta baita isuna jarri ere, nahiz eta azken hau herriko gazteek ordaindu zieten.

Kanpo loturak

Bibliografia

  • GELATXO, Soinuaren bidaia luzea. Pako Aristi. Soinuaren liburutegia.


The contents of this page are sourced from Wikipedia article. The contents are available under the CC BY-SA 4.0 license.
Lists
Pedro Sodupe is in following lists
comments so far.
Comments
From our partners
Sponsored
Pedro Sodupe
arrow-left arrow-right instagram whatsapp myspace quora soundcloud spotify tumblr vk website youtube pandora tunein iheart itunes