Idoia Asurmendi
Quick Facts
Biography
Idoia Asurmendi (Aramaio, Araba, 2000ko azaroaren 21a) abeslari, pianista, gitarrista eta konpositore arabarra da. 2021ean, 20 urterekin bere lehen albuma argitaratu du. Bere izen artistikoa Idoia da.
Biografia
Idoia Asurmendiri musikarekiko zaletasuna familia girotik datorkio eta txikitatik hasi zen etxeko musika-instrumentuekin esperimentatzen. Aisialdia ere horretan eman du urte luzez, abesbatza ezberdinetan parte hartuz eta piano ikasketak burutuz. Horrez gain Musikako ikasketak pedagogiako espezialitatean egiten hasi da Musikenen.
Oso gazterik inguruko herrietan kontzertuak ematen hasi zen bakarlari bezala. Hasieran, euskal abestien zein kanpoko pop-rock eta soul estiloko abestien bertsioak egiten zituen bakarrik, baina geroago kantuak ere konposatu izan ditu eta hainbat kasutan poesia egiten duen Maria Oses-en lanak berearekin uztartzen ditu.
Sare sozialetan hasi zen ezagun egiten, batez ere 2019an Berri Txarrak taldearen Katedral bat kantuaren bertsioarekin. 2019ko azaroan Kutxa Kultur beka irabazi ondoren, bere lehen proiektuan lanean hasi zen: Ilun eta abar. Proiektu honen helburu nagusia arte ezberdinekin fusio bat egitea da; hala nola, poesia, ilustrazioa edota animazioa, musika tresna nagusia izanik. Musika talde baten laguntza izan du eta Idoiak bere aldetik pianoa eta ahotsa jarri du.
Proiektu honetatik bere lehen albuma irten da: Ilun eta abar. Euskarazko eta gaztelaniazko zortzi abestik osatzen dute, eta estilo ugari dituzte.
Zortzi gaietako bakoitza ezberdina da. Horrela, Mundo al revés, bere arrebekin batera abestua, “bossa nova” bat da, Lo kanta, berriz, nana bat da. Amerikar folkera ere hurbiltzen da Hitzetan abestian, eta britainiar popera ere bai Aulki jokoa bere lehen singlean. "Hain desberdinak izatea oso aberasgarria da nire musikarentzat", esan du.
Lehen album hau abuztutik azarora bitartean grabatu zuen, Donostiako Muir estudioetan, Oriol Floresek (bateria), Joanes Ederrak (baxua), Andoni Garciak (gitarra, mandolina) eta Sergio Valdehitak (teklatuak) osatutako taldea lagun zuela.
2020ko udan hogei bat kontzertu eskaini zituen Euskal Herriko antzoki eta karpetan. Eñaut Elorrieta eta Olatz Salvador bezalako artistekin kolaboratu du eta Fernando Velazquezek Euskadiko orkestrarekin moldatutako abesti bat grabatu du. 2021ean Olatz Salvadorren Aho uhal diskoan parte hartu du "Gelditu hor" kantuan. Urte horretako ekainean ere bideoklip berria atera du Eñaut Elorrietarekin batera abestutako "25. artikulua" kantuarekin.
Diskografia
- Ilun eta abar. 2021
Erreferentziak
- ↑ «Bio» Idoia Asurmendi .
- ↑ «Idoia Asurmendi "Idoia"» Kutxa Kultur .
- ↑ «Idoia Asurmendi: "Piramidearen puntan dauden musikariek asko lagundu didate" - Aramaio» Goiena.eus .
- ↑ (Gaztelaniaz) Deia. «Idoia Asurmendi: "Se ha creado una expectativa con mi música que no me esperaba"» www.deia.eus .
- ↑ (Gaztelaniaz) Gipuzkoa, Noticias de. «Idoia Asurmendi: "Publicar tu primer disco es algo raro"» www.noticiasdegipuzkoa.eus .
- ↑ Lizarralde, Mikel. ««Sortzeko orduan ez diot mugarik jartzen neure buruari»» Berria .
- ↑ (Gaztelaniaz) Kultura, Donostia. «Idoia: Ilun eta Abar» www.donostiakultura.eus .
- ↑ «IDOIA: "Ikasteari inoiz ez uztea da nire asmorik nagusiena"» EITB Euskal Irrati Telebista 2021-02-25 .
- ↑ «Idoiak bideoklip berria atera du Eñaut Elorrietarekin batera» El Correo 2021-06-14 .