peoplepill id: rafa-rueda
RR
Spain
1 views today
1 views this week
The basics

Quick Facts

From
Work field
Gender
Male
Star sign
CapricornCapricorn
Birth
28 December 1972, Mungia, Spain
Age
51 years
Instruments:
Rafa Rueda
The details (from wikipedia)

Biography

Rafa Rueda (Mungia, 1972ko abenduaren 28a -) euskal abeslari eta gitarrajole bizkaitarra da, pop-rock arlokoa. Halaber, Broken Bihotz eta Pi L.T. taldeetako abeslaria izan zen eta 2015etik aurrera Zarauzko Lou Topet taldeko gitarrista ere bada.

Biografia eta lanak

Kea

Rafa Rueda Pi.L.T. taldeko abeslari eta gitarrista gisa eman zen ezagutzera 1990eko hamarkadan, batez ere Hil da jainkoa kantu arrakastatsuari esker, baina azken urteotan metal musika baztertu eta pop-rockarekin lotutako bakarkako ibilbidea garatu du. Hain zuzen, Pi.L.T.-en etenaldi bat aprobetxatu zuen bere bakarkako lehen diskoa grabatzeko, beste hiru musikariren laguntzarekin: David Gonzalez baxu jotzaile eta Pi.L.T.-eko taldekidea -gaur egun Berri Txarraken jotzen du-, Joakin G. Pikaza gitarrista -Ama Say eta Zein? taldeetan aritutakoa- eta Borja Barrueta bateria jotzailea. Kea (Metak) izenburua jarri zion hamar kantuz osaturiko lanari. Pi.L.T.-en diskoen soinu esperimentaziotik urruti, kantuak biluztera jo zuen Ruedak bakarkako lehen diskoan. Jeff Buckley, Elvis Costello edota The Beatlesen eragina jaso zuen Ruedak kantu haietan.

«Jeff Buckleyren Grace diskoak harrapatuta eduki ninduen urtebetez, eta Costello betidanik gustatu zait.(…) Suzanne Vega ere asko gustatzen zait. The Beatles-en eragina aipatzen dudanean, kantuen tratamenduari buruz ari naiz: erabiltzen zituzten tresnak, kantuen egiturak, armoniak, melodiak… Oso sinpleak eta zuzenak ziren, beti-betikoak nolabait esateko.»


Ruper Ordorikak ahotsa jarri zuen diskoari izena ematen dion kantuan.

Saredun eskua

Hiru urte geroago heldu zen Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak, 2006), bere bigarren diskoa, baina horren aurretik Estepan Urkiag Lauaxeta poetaren omenezko diskoa koordinatu zuen: Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (Gaztelupeko Hotsak, 2005). Hainbat kantarik parte hartu zuten diskoan, eta Rafa Rueda ekoizpen artistikoaz arduratu zen, Kanta ariña abestia sortu eta grabatzeaz gain. Disko hartako musikariekin grabatu zuen Saredun eskua -David Gonzalez, Rufo Urbina eta Mikel Azpiroz (Lau Behi, Elkano Browning Cream)- eta zenbait lagunengana jo zuen hitzak osatzeko: Gotzon Barandiaran, Jon Benito, Kirmen Uribe eta Edorta Jimenez idazleak, Unai Iturriaga bertsolaria...

Urte berean Azkarateko (Nafarroa) Katarain estudiora itzuli zen Rueda, Txuma Murugarren eta Petti kantariekin batera partekatutako Hauxe diskoa (Gaztelupeko Hotsak) grabatzeko. Bakoitzak bina abesti grabatu zituen. Ruedarenak: Hodeietan eta Boga boga herrikoiaren moldaketa.

Zuhaitz okerretan gora noa

Hirugarren diskoarekin autoekoizpenaren bidea hartu zuen Ruedak. Zuhaitz okerretan gora noa (2008) AEBetako musikariekin grabatu zuen, Jonan Ordorika soinu teknikariaren eta Fernando Saunders baxu jotzailearen arteko adiskidetasunaren ondorioz. Lou Reeden taldeko musikariaz gain, Jane Scarpantoni biolontxelo jotzailea (Lou Reed, Bruce Springsteen, Sheryl Crow, Patti Smith eta beste hainbatekin aritutakoa), J. T. Lewis bateria jotzailea (Marianne Faithfull, Living Colour, Herbie Hancock, Lou Reed…) eta Zeljko McMullen soinu artista izan zituen ondoan Ruedak. Baita Joseba Irazoki gitarrista nafarra ere (Atom Rhumba, Petti…). Loturak kantua aukeratu zuten singlea izateko eta Mikel Clementek zuzendu zuen bideoklipa. Diskoko hamar kantuen artean John Cale galestarraren (The Velvet Underground) Paris 1919 kantuaren bertsio bat dago.

Musika eta poesia ikuskizunak

2010. urtean Haragizkoa ikuskizuna martxan jarri zuten Ruedak eta Edorta Jimenez idazleak. Omar Navarrok -Jimenezek poesia lanak sinatzeko erabiltzen duen heteronimoa- urte berean kaleratutako Haragizko amoreak (Susa) liburuko poemak musikatu zituen Ruedak, eta Jaime Nieto baxu jotzailearen eta Joseba Barrenetxea argazkilariaren laguntzaz ikuskizuna osatu zuten. Ondoren, disko batean jaso zuten elkarlana.

Hori ez zen izan Ruedaren lehen esperientzia musika eta poesia ikuskizunetan. 2003. urtean Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna sortu zuen Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal (Nahiko, Hertzainak) eta Mikel Valverde marrazkilariarekin batera. Hamar urte geroago, taldea berriz elkartu zen Jainko txiki eta jostalari hura sortzeko eta taularatzeko. Horrez gain, Gabrielen lekua sentikarian (2013) parte hartu du Ruedak. Musika, bertsoa, antzerkia eta poesia biltzen ditu Gabriel Arestiren omenez sortutako ikuskizun honek, eta Ruedaz gain, Andoni Egañak eta Oier Guillanek hartzen dute parte.

Enaren geometria

Enaren geometria (2011) izan zen Ruedaren bakarkako laugarren eta. Etengabeko aldaketen inguruko diskoa zen, Ruedak berak aurkezpenean azaldu zuenez, eta diskoaren letren egilea izan zen. Ohi bezala, Jonan Ordorikarekin grabatu zuen Azkaraten, baina musikari taldea eraberritu zuen: Txus Aranburu eta Arkaitz Miner (Tapia eta Leturia, Ruper Ordorika...), Iban Urizar (Andrakan, Cafe Teatro…), Jaime Nieto, eta PI.L.T.-en taldekide izandako Jose Manuel Sampedro Xanpe. Aurrekoa bezala, autoediziora jo zuen Ruedak diskoa argitaratzeko, baina kasu honetan bere webgunean eta kontzertuetan bakarrik jarri zuen salgai. Ez al dakizu izan zen diskotik ateratako singlea.

Ekoizle gisa egindako lanak

Ekoizle gisa, Pettiren On, Txuma Murugarrenen Hegazkinen arima, Anje Duhalderen Sorminetan, Jon Enbeitaren Hainbeste, hain gitxi eta Kokein taldearen Kokein diskoetan egin du lan. Musikari gisa, Mikel Urdangarin eta Txuma Murugarrenekin harreman estua izan du, haien zuzeneko taldean eta diskoetan jo baitu. Jabier Muguruza eta Kashba-en diskoetan ere parte hartu du, beste hainbat kolaborazioren artean.

Antzerkirako musika lanak ere egin ditu: Lauaxeta herri opereta (Maskarada, 2005), Otehitzari biraka -Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalekin batera- (Kukai-Tanttaka, 2006), Ohean (Maskarada, 2008) eta Antartikako lorea (Erre produkzioak, 2010). Halaber, Gernikako bonbardaketaren 75. urtemugako ospakizunen barruan, Hemen gaude ikuskizunaren alderdi musikalaz arduratu zen Rueda.

Lou Topet

2015etik aurrera Lou Topet taldearekin aritu da. Abesti bat gutxiago diska egin zuen lehenengo, estatubatuar abeslarien moldaketekin. Pete Seeger gogoan diskan Pete Seegerren abestiak euskaldundu zituzten, euskaraz omenaldia eskaintzen.

Hiri kristalezkoa

2017an Hiri kristalezkoa diska aurkeztu zuen, hamar kantuz osatuta. Abestiak bederatzi idazlek idatzi zituzten: Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Gotzon Barandiaran, Miren amuriza eta Leire Bilbao tartean. Abestietako bateko letra berea da, ordea. Diskoan Jaime Nieto, Txus Aranburu eta Ander Zulaika musikarien lanarekin kontatu zuen eta Elkar estudioan grabatu zuen.

Diskografia

Bakarka

  1. Kea (2003, Metak)
  2. Saredun eskua (2006, Gaztelupeko Hotsak)
  3. Zuhaitz okerretan gora noa (2008, autoekoizpena)
  4. Haragizkoa (2006, KAP)
  5. Enaren geometria (2011, autoekoizpena)
  6. Gabrielen lekua (2013, Erroa)
  7. Hiri kristalezkoa (2017, Elkar)

Broken Bihotz

  1. Malkoak euritan / Kitarra (singlea)
  2. Desioak izena gradua galtzen duenean... (1992)

PiLT

  1. Π L.T. (1995, Esan Ozenki)
  2. Denbora (1998, Esan Ozenki)
  3. 3 (1999, Esan Ozenki)
  4. Minus (2002, Metak)
  5. Game Over (2004, Metak)

Lou Topet

  1. Abesti bat gutxiago (2015, Kalaportu Sare Bideak / Garoa Kultur Lab)
  2. Pete Seeger gogoan (2017, autoekoiztua)

Beste batzuk

  1. Bar Puerto. Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin (2001, Gaztelupeko Hotsak).
  2. Zaharregia, txikiegia agian. Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin (2003, Gaztelupeko Hotsak).
  3. Hauxe (2006, Gaztelupeko Hotsak). Txuma Murugarren eta Pettirekin
  4. Jainko txiki eta jostalari hura (2013, Elkar). Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin

Kolaborazioak

  • Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (2005, Gaztelupeko Hotsak)

Erreferentziak

Kanpo estekak

The contents of this page are sourced from Wikipedia article on 24 Jun 2020. The contents are available under the CC BY-SA 4.0 license.
Lists
Rafa Rueda is in following lists
comments so far.
Comments
From our partners
Sponsored
Reference sources
References
Rafa Rueda
arrow-left arrow-right instagram whatsapp myspace quora soundcloud spotify tumblr vk website youtube pandora tunein iheart itunes