Teodosia Ortega
Quick Facts
Biography
Teodosia Ortega Vadillo (Quintanilla-Sobresierra, Burgos, 1890eko martxoaren 28a – Arrigorriaga, Bizkaia, 1983ko irailaren 4a) emagina izan zen.
Biografia
Emagin ikasketak egin zituen Bilbon eta, 1926an Valladolideko Unibertsitatean titulu ofiziala lortu ondoren, Arrigorriagako Udal Ongintzaren emagin bihurtu zen. Justo Liceranzu Madariaga durangarrarekin ezkondu zen, lanbidez paper-saltzailea.1935eko erroldaren arabera, Arrigorriagan bizi ziren, Mutualitate kalea 1, 4.a eskuinean, lau logelako pisuan, zortzi seme-alabekin batera. Teodosia oso maitatua izan zen herrian erditzeetan edozein ordutan eta edonon laguntzeko zuen prestasunagatik, baita emakumeei ematen zien arreta eta prestakuntzagatik ere.
Alaben hitzetan:
“Emakume modernoa eta harroa zen, bizia, langilea eta zoriontsua”
Gerra garaian ere emagina izan zen Basurtuko Ospitalean, baita Frantziako ospitale batean ere. 1937an Frantziara ihes egin zuen, eta, horren ondorioz, Gonzalo Vila Arrigorriagako alkate frankista berriak bere kargua eta ordura arte zegozkion lan-eskubide guztiak kendu zizkion. 1943ko urtarrilaren 1ean itzuli zen Arrigorriagako emagin kargura eta etenik gabe bete zuen lanpostu hori harik eta 1960ko martxoaren 31n erretiroa hartu zuen arte.
Heriotza
1983ko irailaren 4an hil zen, 93 urte zituela.
Aitortza
2021ean, Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluak prozesu parte-hartzailea jarri zuen martxan emakumeen izenak eta mugarri feministak udalerriko espazio publikoetan ikusgarri bilakatzeko. Teodosia Ortega Vadillo emagina 23 aldiz proposatu zen, eta horregatik, Berdintasun Kontseiluak haren izenarekin udalerriko espazio publiko bat izendatzea erabaki zuen.
Horren ondorioz, udalaren gobernu-taldeak, Berdintasun Kontseiluaren eskaera jasota, Lamiaena emakumeen etxearen ondoan dagoen Barua parkeari izena aldatu eta Teodosia Ortega izena jartzea erabaki zuen, baita parkean bertan, Ortegaren omenez bere biografia jasotzen duen totema jartzea ere, Joana Etxeberria Politika Feminista eta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu zuenez:
“Ekintza xume hau benetan pisu handikoa da Arrigorriagarentzat. Gure udalerriko historiak hainbat emakume interesgarriren bizipenak jasotzen ditu, eta hauek ez ahaztea, eta hauei orain arte izan ez duten aitortza ematea, benetan garrantzitsua dela uste dugu. Teodosia Ortega da hauetako bat, bere historia ikusaraztea ezinbestekoa da emakumeen bizitzak eta lanak aitortzen dituen gizartea eraikitzen hasteko”.
Erreferentziak
- ↑ Teodosia Ortega Vadillo. .
- ↑ Arrigorriaga. Prozesu parte-hartzailea. .
- ↑ Teodosia Ortega izango da parkearen izen berria.. .
- ↑ Madariaga, Iraitz.(2023-03-17). «Arrigorriagako Barua parkeari Teodosia Ortega izena jarriko diote, herritarrek hala bozkatuta» Geuria .
- ↑ Txema1967.(2023-03-16). «El parque de Barua pasará a denominarse parque Teodosia Ortega» Ibaizabal Digital .