Matxin Irabola
Quick Facts
Biography
Matxin Irabola Goia (Senpere, 1879ko abenduaren 21a - Senpere, 1935eko apirilaren 9) Lapurdiko bertsolaria izan zen. Herrialdeko bertsolaritzaren historiako inportanteenetakoa izan da; 1933ko Aberri Egunean 50.000 lagunen aurrean kantatu zuen eta lehen Bertsolari Txapelketa Nagusian bigarren geratu zen.
Biografia
Matxingaina etxean jaioa, hortik zetorkion ezizena. Aita Jose Mari Iraola aranoarra eta ama Jeanna Marie Goia saratarra zituen; bost neba-arrebaren artean hirugarrena izan zen. Bidarteko Orriotzan denbora batez mutil egon eta gero, Helbarrun auzoko Alfaroko Borda eta Olasoko Inhabea etxeetan bizi izan zen.
1911ko azaroaren 25ean Dominika Ermua azkaindarra sortzez baina Senperen bizi zen dendariarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Joana, Henrieta eta Jan Piarre; horrez gain garai horretan "paristar" deitzen ziren hiru umezurtz (Jacques Duval, Maurice eta Erramun Baudry) zaindu eta semetzat hartu zituzten. Lanbidez laboraria izan zen. Lehen Mundu Gerratik kaltetuta itzuli zen, gas pozoitua arnastu zuelako; bere bertsorik ezagunenak Gerla Haundia salatzeko egin zituen. Azken bizitoki Olha auzoko Kontienea izan zuen; han hil zen 1935ean.
Bere garaiko bertsolaririk ezgunenetakoa izan zen; Hego Euskal Herrian sarritan ibili zen, Ipar Euskal Herrian zituen harremanez gain. Bi filmetan ere agertu zen: Ganix Haltzueta Oihanzainarekin, hau ere senpertarra, Au Pays des Basques filmean (1930) eta Teodoro Hernandorenak eginiko Euzkadi dokumentalean 1933ean; bigarren honetan beste senpertar batek, Grazian Adema Zaldubik ospetsu bihurtu zen bertsoa kantatu zuen: Zazpi Euskal Herriek.
Irratiaren munduan ere aitzindaria izan zen; euskarazko lehen irratsaioak 1925ean eman ziren Radio San Sebastiánen eta 1930eko hamarkadaren hasieran Unión Radion Irabolak eta beste batzuek bertsoak botatzeari ekin zioten. Unibertsitateko ikertzaile baten (Marcel Jousse, Sorbonakoa) arreta irabazi baitzuen.
1935ean hil zenean, Jules Moulier eta Basarrik zein Euzkadi eta El Día agerkariek bere omenezko lerroak idatzi zituzten.
Irabola Mixu Mixelena kantari zenduaren birraitona ere zen.
Lanak
Analfabetoa zen; aldiz, izugarrizko berba jarioa eta bat-batekotasunerako dohaiak zituen eta horregatik oso estimatua zen. Jean Saint-Pierre gotzainak "gure filosofoa" deitzen zion.
Bere bertsoak hiru ataletan bana daitezke, gaiari dagokionez:
- Lehen Mundu Gerra. Adibidez Hamalauko gerlako kantuak. Jean Barbier Senpereko erretoreak gerran parte hartzearen aldeko jarrera erakutsi zuen bitartean, Irabola aurka egoteaz gain frantseszaletasun eskasa somatzen zitzaion eta, aldiz, kutsu abertzaleko bertsoak egin zituen.
- 1935eko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Familiaren jatorriagatik lapurteraz zein gipuzkeraz bota ahal zituen bertsoak eta Donostian bigarren euskalki honetan kantatu zituen.
- Festak. Adibidez Jean Barbierrek Piarres liburuan bildu zituenak, Senpereko festetan Ganix Haltzuetarekin lehian zebilela.
Txapelketa eta sariak
- 1935eko Bertsolari Txapelketa Nagusian -lehenean, alegia- bigarren geratu zen, Basarriren atzetik. Txapelketa urtarrilaren 20an egin zen.
- Urruñako 1913ko Euskaltzaleen Biltzarraren sariketan irabazle.
Bibliografia
- Franck Dolosor: Matxin Irabola, Senpereko bertsularia; Elkarlanean, 2010. Dolosorren amona eta Matxinen emaztea ahizpak ziren.
Bere omenez
Bi omenaldi egin zaizkio Senpere jaioterrian:
- 1986ko ekainaren 6an.
- 2010eko azaroaren 28an, Dolosorren liburuaren aurkezpenaren karietara.
- Senpereko Herriko Etxeak eta elkarteek erabiltzen duten aretoko gela bati "Matxin" izena eman zitzaion.
Beste omenaldi bat:
- Eskualtzaleen Biltzarrak eginikoa (Atharratze, 1935eko irailaren 12an).
Erreferentziak
Ikus, gainera
- Au Pays des Basques
- Jean Barbier
- Teodoro Hernandorena
Kanpo loturak
- (Frantsesez) Matxin Irabolari buruzko bloga.
- Matxin Irabola Bertsulari.comen.
- Matxin Irabola Euskal Kultur Erakundearen webgunean.