Mario Salegi
Quick Facts
Biography
Mario Salegi Ostolaza (Donostia, 1918ko apirilaren 17 - New York, 2005eko apirilaren 8) erbestera joan behar izan zuen idazle, kazetari eta ezkerreko aktibista abertzalea izan zen.
Biografia
Eskolastika Ostolaza ama ezkongabeak hazi zuen; Eduardo Salegi aitak (jeltzalea eta Banco Urquijoko presidenteordea) 1954an onartu zuen aitatasuna, eta orduan aldatu zuen deitura.
14-15 urterekin Federación Universitaria Española (FUE) taldeko Donostiako idazkari bihurtu zen; han Jesus Larrañaga ezagutu eta PCEko gazte taldean sartu zen, baina 1935ean taldea utzi eta Jagi-Jagin sartu zen. Gerra hasi zenean Donostia frankisten esku ez jausteko ahaleginetan buru-belarri aritu zen. Geroago Eusko Abertzale Ekintzako Euzko Indarra batailoian sorreran parte hartu zuen, eta bertan boluntario aritu zen. Urkiolan zauritu zuten, eta Eusko Gudarostearekin Turtziozeraino joan zen. Handik Santanderra zihoazela, Santoñan preso hartu zuten. 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 12. Langile Batailoira bidali zuten. 1940an askatuta, EAJko erresistentzia taldeetan sartu zen.
Bere taldea erori zenean, Cádiza ihes egin eta handik 1941ean AEBetara jo zuen. Erresuma Batura joan zen nazien kontra borrokatzera. Britainiar inteligentzia zerbitzuek atxilotu zuten eta AEBetara itzuli zen; Bigarren Mundu Gerra Ozeano Barean egin zuen VII. Flotarekin.
1945ean, gerra amaituta, estatubatuar nazionalitatea erdietsi zuen. 1946an Parisa joan zen, Eusko Jaurlaritzari laguntzeko asmoz. Han ez zuen espero zuena aurkitu, eta Italiara joan zen; gorabehera batzuen ostean, AEBetara bueltatu zen. Kazetari ibili zen bai Kalifornian, bai Mexikon, bai Ameriketako beste zenbait herrialdetan.
1952an Miriam Nurnbergekin ezkondu zen, eta harrezkero idazteari ekin zion; bikoteak, Julio Álvarez del Vayorekin batera, 1960ko hamarkadan CAMBIAS (Committee of Americans for Basque Independence and Survival) sortu zuen. Estatubatuar iritzi publikoari Francok euskal nortasunaren kontra antolatutako erasoen berri eman zion.
Salegik, New Yorkeko bere etxean, jazarpen politikoa jasaten zuten hainbat kide babestu zuen, FRAPen eta ETAren ingurukoak barne. Mario Salegi «euskal herritarren New Yorkeko enbaxadorea» zela aipatzen da maiz, hara joandako hamaika euskal herritarri Manhattango etxeko ateak zabaldu baitzizkien. Mario eta Miriam senar-emazteek ez zuten seme-alabarik izan, baina etxean hainbat gazte izan zituzten, New Yorken ikasketak osatzen (han izan zuten, besteak beste, Ainhoa Arteta opera abeslaria): Marioren eta Miriamen seme-alabatzakoak ziren.
2005ean, Euskal Herrira itzultzeko erabakia hartua zuela, herioak eraman zuen. Aralarren egin zitzaion hileta ospakizun zibila, guardetxetik ez oso urruti. Salegiren errautsak zabaltzeko ekitaldi hartan, laurogei bat senitarteko eta adiskide bildu ziren. Ainhoa Arteta sopranoarekin batera Agur jaunak abestu zutenen artean ziren, besteak beste, Miriam alarguna, Fermin Etxegoien, Jose Angel Irigarai, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano idazleak, Mikel Urdangarin abeslaria, Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria, Iñaki Egaña historialaria, eta Mirentxu Purroy eta Jaime Otamendi kazetariak.
Lanak
Mario Salegiren idazlanik aipagarrienak hauek dira:
- Morir en Irun; Elkar, 1980. 1977an Planeta Saria lortzeko finalista.
- Operación Carlomagno. Novela de la resistencia vasca, 1940, Ediciones Libertarias, 1988.
- Expediente vasco. CIA y FBI en Euskal Herria, Txalaparta, 2003. Iñaki Egañarekin batera.
- Verano del 36. memorias de un gudari, Txalaparta, 2005.
Mario Salegi Ostolaza bilduma
Mario Salegik berak idatzi edo bildutako lanak, eta hari buruz egindakoak biltzen dituen bilduma du Renoko Euskal Liburutegiak (Nevadako Unibertsitatea).
Bibliografia
- Iñaki Egaña: Mario Salegi: la pasión del siglo XX, Txalaparta, 1999.
Erreferentziak
- ↑ Renobales, Eduardo: ANV. El otro nacionalismo, Tafalla: Txalaparta. ISBN 84-8136-326-X
- ↑ Aldi hartan, ETAko arduradun batzuekiko harremanetarako, Carlos Legazpi ezizena erabili izan zuen; pasadizo gisa, aipatzekoa da Auñamendi Eusko Entziklopedian badela izenburu hori duen artikulu bat, Salegiren datuekin. Ikus Euskomedia.
- ↑ «Mario Salegi hil da», Berria, 2005-04-22.
- ↑ Imanol Murua Uria: Mario Salegi hil da, euskaldunon 'enbaxadorea' New Yorken, Berria, 2005-04-23.
- ↑ Iñaki Egaña: Mario Salegi: la pasión del siglo XX, Txalaparta, 1999. Ikus 147. orrialdea.
- ↑ Fermin Etxegoien: «Gerra eta amodio kantuak», Berria, 2009-01-15.
- ↑ «Aralarren zabalduko dituzte Mario Salegi zenaren errautsak», Berria, 2005-05-05.
- ↑ «Mario de Salegi Ostolaza Collection (1918 – 2005)», Nevadako Unibertsitatearen webgunea.
Ikus, gainera
Kanpo loturak
- Mario Salegiren biografia, Hamaika Bide elkartearen webgunean.
- Mario Salegi, Renoko Euskal Liburutegian.
- Mario Salegiri eginiko elkarrizketa, Euskonewsen.