Josu Zabala Salegi
Quick Facts
Biography
Josu Zabala Salegi, Basajaun ezizenaz ezaguna (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1976 - Deba, Gipuzkoa, 1997ko martxoaren 27a) ETAko militantea izan zen. 1997ko martxoaren 27an hilik aurkitu zuten Itziarko Itsaspe auzoko larre batean, bihotzean tiro bat zuela.
Biografia
Iruñean jaio eta Arrosadia auzoan bizi izan zen. Hala ere, Etxarri Aranatzen ere bizi izan zen, eta lotura berezia izan zuen beti Sakanarekin.
UBIko ikasketak egin eta gero, euskaraz alfabetatu eta AEKko irakasle aritu zen. AEKko Mendigoizale Taldea sortu zuen. "Basajaun" ezizena jarri zioten, naturarekin lotura estua zuelako eta basoko itxura hartzen ziotelako. Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteko kide ere izan zen. Iruñeko alde zaharreko Iruñeazar ikastetxeko arduraduna zen, ihes egin zuenean.
Heriotza
Martxoaren 28an Ertzaintzak Itziarko Itsaspe auzoan aurkitutako hilotz bat identifikatzeko laguntza deialdia zabaldu zuen. Gorpua mendizale batzuek aurkitu zuten 27an. Hilotzak bala zuloa zuen bularrean eta pistola bat zegoen bere ondoan.
Bi bertsio
Juan Maria Atutxak emandako bertsio ofizialaren arabera bere buruaz beste egin zuela esan zuen, baina bere familiarrek bertsio horretan kontraesan ugari azpimarratu eta gerra zikinaren ekintza izan zela aldarrikatu dute behin eta berriro..
Argitu gabeko kontuak
Bertsio ofiziala kolokan jartzen dituen datu ugari aipatu dute familiakoek:
- Hilik agertu zen tokiaren inguruko inork ez zuen tirorik entzun.
- Bere inguruan ez zuen ezer, eta elastikoa, prakak eta kirol-oinetakoak besterik ez soinean. Oinetan itsatsitako lurra ez zen Itsaspekoa.
- Ondoan agertutako pistolak ez zuen hatz-aztarnarik. Pistola erdoilduta zegoen, eta Zabalak zuena berria zen. Bala ez zen bertan aurkitu.
- Hilotza ahoz goran zegoen.
- Bertan ez zen odol-arrastorik agertu, ez gorputz ehunik, ez arropa zatirik. Zigarrokin batzuk zeuden, eta ez ziren poltsikoan zeukan paketearen markakoak.
- Ez zeuzkan lau egun lehenago Bilbon zeuzkan dokumentazioa, giltzak eta dirua.
- Lehen autopsiaren lehen 13 minutuak soilik grabatu ziren (une horretan zinta amaitu omen zen).
- Buruaren alboetan eta eskumuturretan zeuzkan gorriuneak ez ziren ikertu. Ez da jakin zergatik zituen marka horiek.
ETAren adierazpenak
Martxoaren 29an ETAren izenean hitz egin zuen pertsona batek adierazi zuen Zabala martxoaren 23an (igandea) desagertu zela, eta poliziek bahitu eta hil egin zutela. Egun horretan Korrika ospatzen zen Bilbon eta hitzordu bat zeukan La Tortilla tabernan. Hara zihoala ikusi zuten azken aldiz. Gero inguruan zebilen jendetzaren artean desagertu zen.
ETAk emandako adierazpenaren arabera, Basajaun militante indartsu eta kementsua zen ikusi zuten azken aldian, eta Bilbo zen bere jarduera eremua. ETAk Ertzaintzaren erantzukizuna ere iradoki zuen: "Ordu horietan berarekin egin dutena polizia indarrek bakarrik dakite, eta beraien artean ziur asko Atutxak eta bere zipaioek, datuak ezkutatzen gehien ahalegindu direnak beraiek izan dira-eta."
Auzibidea
Ekainaren 7an Eibarko epaitegiak eskatutako peritu txosten baten ondorioz jakin zen Zabalaren ondoan aurkitutako pistolan ez zegoela ehunik ez odol arrastorik ere. Hartara, bertsio ofizialak esandakoaren kontra, ETAko kideak ezin izan zion bere buruari "kanoia ukituz" tirorik egin.
Eibarko 1. Instrukzio Epaitegiaren titular Azuzena Olmedo epaileak zabaldutako diligentziak artxibatzea erabaki zuen. Zabalaren familiarrek errekurtsoa aurkeztu zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Horren arabera egindako autopsiak eta azterketa mediko-legalak nahikoak izan ziren. Honela dio Espainiako Konstituzio Auzitegiak 2002ko memorian:
« | (Gaztelaniaz) La demandante es la madre de Josu Zabala, miembro de la banda terrorista ETA, que apareció muerto en un monte en Deva (Guipúzcoa). Acudió a Estrasburgo quejándose del proceso interno, cuyas lagunas, según la demandante, impidieron probar la participación de un tercero en la muerte. También se quejaba de la falta, según la demandante, de una investigación adecuada y efectiva y de la inexistencia de un recurso efectivo. El Tribunal rechaza las quejas sobre los arts. 6 y 13 por incompatibles ratione materiae. En cuanto a la queja sobre el art. 2, derecho a la vida, por la falta de una investigación adecuada y eficaz del fallecimiento, el Tribunal Europeo resalta la participación de la demandante en el proceso interno, las dos autopsias, las numerosas pericias médico-legales, etc., y concluye que "el Tribunal no está convencido que más investigación hubiese conducido a una tesis distinta al suicidio". | » |
Erreferentziak
Kanpo loturak
- Josu Zabalaren argazkia
- Bideoa Josu Zabalaren heriotzaren 10. urteurrenean
- (Gaztelaniaz) Gara 23.03.2007
- 10. urteurrena. Kartela
- (Gaztelaniaz) JOSU ZABALA, VEINTE AÑOS DE UNA MUERTE PLAGADA DE INTERROGANTES Gara 2017.03.23
- BIDEOA Josu Zabalaren arreba Nerea, anaiaren desagerketaz eta auziaren bide judizialaz