Jakes Casaubon
Quick Facts
Biography
Jakes Casaubon (Izura, 1925eko urriaren 10a - Biarritz, 2021eko abuztuaren 23a) Nafarroa Behereko ikertzailea, irrati esataria eta pilotazalea izan zen.
Biografia
Gerla garaian basozain ikasketak egin zituen Loiret departamenduan eta Euskal Herrira itzuli ondoren Senperen lanean aritu zen, oihana zaintzen. Bertan ikerlari agronomo lanetan aritu zen INRAn (Institut national de la recherche agronomique - Agronomiarako ikerketa zentroa).
Ikerlaria
Bere bizitza osoan zehar, Euskal Herriko txoko anitzetara hurbildu zen bertako hizkuntza, euskal ondarea eta kulturari buruzko ikerketak egiteko. Euskal kultur munduan ikertzaile askoren laguntzaile ibili zen arkeologia eta ondarearen babeste lanetan, besteak beste Jose Migel Barandiaranekin.
« | Akitanian jatorrizko herriei buruz ondare handia bazela zioten sarri baina hortik aurrera hutsune handia bazegoen; Barandiaranen itzalpean bospasei lagun ibili ginen, hastapenean, Euskal Herrian ondare handia izateaz gai hura babestea merezi zuelakoan. | » |
Kultur elkarte askotako kide zen, besteak beste Nafarroako Adiskideen Elkartean, Eusko Ikaskuntzan eta Euskarkeologian. 2004an Eusko Ikaskuntzak antolaturiko Baiona Hiria Saria jaso zuen.
Irrati esataria
1997az geroztik, Euskal Irratien sarean, naturari buruzko Gure bazterrak saioa ekoizten aritu zen, Luzien Etxezaharreta kazetariarekin batera. Irratsaio honetan egindako lanaren aitormen moduan, 2012an Irratiko Argia Saria jaso zuen Jakesek Luzienekin batera.
Pilotazalea
Pilotazale amorratua, Biarritzen aritu zen kirola sustatzen eta bertako Biarritztarrak kirol elkartearen sustatzaileetariko bat izateaz gain, 32 urtez elkarte honetako presidenteordea izan zen. 2002an Euskal pilotaren gogoa eta artzain jokoak liburua plazaratu zuen, Pierre Zabaloren laguntzarekin.