Imanol Larzabal Goñi
Quick Facts
Biography
Imanol Larzabal Goñi (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko azaroaren 11 - Orihuela, Alacant, 2004ko ekainaren 25a), ezagunagoa Imanol ponte izen soilaz, euskal egile abeslaria izan zen.
1964an hasi zen kantatzen. Bere lehen diskoa ezizen batekin atera zuen (Michel Etchegaray), frankismo garaia baitzen. 1971n, kartzelan sei hilabete pasa ondoren, Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Frantzian hainbat kantari ezagutu zuen: Paco Ibáñez, zeinekin askotan kantatu baitzuen geroztik, Gwendal talde bretoia, Elisa Serna, Georges Moustaki...
Aurrerago, 1977ko amnistiaren ondoren, Hego Euskal Herrira itzuli zen eta kantari jarraitu zuen. Euskal olerkari askoren hitzak musikatu eta kantatu zituen: Jon Mirande, Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Xabier Lete eta Juan Mari Lekuona idazleenak, besteak beste. Gaztelaniazko zenbait testu ere musikatu eta interpretatu zituen.
ETAk 1986an bere buruzagi ohi Yoyes hil zuenean, Imanolek bere omenaldian parte hartu zuen. Harrezkeroztik, ETAren inguruko zenbait jenderen boikota eta mehatxuak nozitu zituen. Azkenean, Euskal Herritik kanpora joan zen bizitzera. Orihuelan hil zen bat-batean, buruko odol-isuri baten ondorioz. Hil zenean, sehaska-kanten disko bat prestatzen ari zen. Handik pixka batera, kantari adiskideek diskoa osatu eta haren omenez argitaratu zuten.
Bizitza
Donostiako Antigua auzoan jaio zen, 1947ko azaroaren 11n, zortzi seme-alabatan azkena. Hamazazpi urterekin bukatu zituen delineatzaile ikasketak, eta lanean hasi zen Marticorena arkitektoarekin. Esku huskako pilotan eta futbolean aritzen zen, eta 18 urterekin, Argia dantza talde sortu berrian sartu zen. Argiarekin euskal dantza eta musikara hurbildu zen, eta herriz herri dantza zaharrak biltzen aritzen zen taldean parte hartu zuen. Talde hartan sartu eta berehala hasi zen kantatzen, Xabier Larrea taldekidearekin, eta dantzekin bezala, euskal kantu zaharrak biltzeari ekin zioten. Kanta eta dantza egungo egoerari erantzun bat emateko bide gisa ikusten zuten. Ordurako ETA erakundeko kideak ziren bata zein bestea, eta 1968an ezarritako salbuespen egoeran atxilotu eta kartzelan sartu zituzten. Sei hilabete geroago askatu zituzten. Kartzelak indartu egin zion jarrera politikoa.
1969an, Michel Etchegaray izen-deiturez bere lehen disko txikia argitaratu zuen, magnetofoi batekin grabatua, Antiguako parrokiako sotoan, Jesus Mari Muñoa Txaflisen laguntzaz. Baionako Goiztiri diskoetxeak argitaratu zuen, eta Felipe Juaristi idazleak Imanoli buruz idatzitako Bidegileak bildumako biografian dioenez, diskoaren hamar mila ale saldu ziren eta dirua preso politikoei eman zitzaien. Herriaren kontzientzia piztu aldera erabaki zuen Imanolek kantagintzari heltzea.
« | Uste nuen beharrezkoa zela horretan segitzea, gauza asko esan behar zirela, jendeak ez zuela kontzientziarik, hori esnatzeko kantuak egin behar ziren eta horregatik hasi nintzen, behar politiko batengatik plazaratu nintzen. | » |
Mikel Arregi, Xabier Larrea, Erlak bikotea eta Joxe Mari Ostolaza Xalbardinekin (Eltzegor) batera hainbat emanaldi eskaini zituen Imanolek 1969tik 1971ra bitartean.
« | Epoka hartan nire kezka batez ere huen egiak kantatzea, egia gogorrak askotan, eta beste guztiaz (estetika mailan, eta abar) ez ninduan gehiegi arduratzen. Gure beste eskema bat ere huen zirkuito normaletatik kanpo kantatzea, zeren horrelakoetara joaten bahintzen zentsurak hartuko zizkian letra guztiak eta horietatik bat edo bi bakarrik kantatu ahal izango dizkiagu. Hori Ez Dok Amairuk egiten zian, baina guk ez genian hori onartzen. | » |
Lehen erbestealdia
1971n Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen, eta Ziburun jarri zen bizitzen, Txori-kanta izeneko etxean. Ziburutik Bordelera (Frantzia) aldatu zen 1972an, eta han ondu zuen Askatasunaren pausoak tinkatzen ari. Grabatu, ordea, Parisen grabatu zuen, Paco Ibáñezek bilatutako estudioan. Bordelen bizi zelarik, noizean behin Parisera joaten zen Imanol, eta bidaia horietako batean Paco Ibáñezen kantaldi batera joateko eta hura ezagutzeko aukera izan zuen. Bien arteko adiskidetasun minaren hasiera izan zen. Gitarra jo zuen Ibáñezek disko hartan, eta kantagintzak izan behar zuenarekiko ikuspegia aldarazi zion Imanoli. «Pacok profesionaltasunaren inportantzia erakutsi zidan, eta poesiaren munduan sartu ninduen, bera neretzat klabea izan zen [...]. Inoiz ez zizkidan kritika zorrotzak egiten, zeren hasten ari den batentzat holako kritika zorrotzak botatzea txarra da. Orduan, hariak ematen zituen, zergatik hau ez, zergatik hura ez, eta hor konturatu nintzen nere letrak, bai borondate handikoak zirela eta beharbada egi handiak esaten nituela baina kantagintza ez zen hori, kantagintza zen lehendabizi poemagintza eta gero musika elkar lorturik». Bigarren disko txiki hura klandestinitatean argitaratu zen eta lau kantu biltzen zituen, horien artean Txabi Etxebarrieta ETAko lehen kide hilari eskainitakoa. Beste kantu bat Zuek hil zineten zen, Mikel Arregiren hitzekin, baina beste bien izenbururik ez da ezagutzen, ezta haien egileen izenik ere. Azalak Antoni Tàpies katalan artistak Gernikako bonbardaketari buruz egindako margoa erakusten zuen.
1973an Parisa joan zen bizitzera, eta artista, idazle eta intelektual ugarirekin topo egin zuen. Besteak beste, Georges Brassens, Leo Ferré, Juliette Gréco, Georges Moustaki eta Mikis Theodorakis ezagutu zituen. Halaber, katalan abeslari baten kabaretean lan egin zuen, eta han ezagutu zituen Elisa Serna, Lluís Llach, Teresa Rebull, Jean Paul Bernier okzitaniarra... Ordurako erabakita zeukan kantagintzari heltzea. Parisko Le Chant du Monde diskoetxearen eskutik, Orain borrokarenean grabatu zuen 1973an, Mikel Azurmendiren, Bertolt Brechten eta Jose Mari Txato Agirreren hitzekin. Paco Ibáñezek eta François Rabbathek lagundu zuten, batek gitarran eta besteak kontrabaxuan. Urte haietako une gogoangarrienetako bat Espainiako Estatuko presoen alde Parisko Kirol Jauregian egindako Seis Horas por España jaialdia izan zen, Paco Ibañez, Alan Stivell, Mikis Teodorakis eta Georges Moustakirekin partekatu baitzuen agertokia Imanolek.
Herriak ez du barkatuko (Le Chant du Monde) heldu zen 1975ean. Frankismoak hil berriak ziren ETAko eta FRAPeko kideak zituen gogoan izenburuak. Agustin Ibarrola margolariaren azala du diskoak, eta estreinakoz gaztelaniaz abestu zuen Imanolek, Gabriel Arestik emandako bi kantu hain zuzen: Martillo pilón eta Caminito de Erandio, Somorrostro goitizeneko meatzari batek idatziak. Honela azaldu zuen Imanolek gaztelaniaz kantatzeko arrazoia:
« | Parisen asko kantatu nuen immigranteentzat. Ohartu nintzen, nahiz eta kantak esplikatu, ez zela inoiz benetako komunikaziorik lortzen. Euskal Herriko problematika ikusirik eta, zoritxarrez, ehuneko 30 bakarrik garela euskaraz dakigunak, planteamendu hau egiten dut: Euskal Herri osoari begira benetako elebitasuna ernetzea; ez euskara 50 eta erdara 50ekoa, hori euskararen lepotik erdara gaintzea bailitzateke, koefiziente minimo bat baizik erdaraz, komunikazioa lortzeko [...] beti garbi jarriaz behar-beharrezkoa dela Euskadi euskalduntzea eta hurrengoan gutxiago egingo dudala erdaraz. | » |
Parisen ezagututako Gwendal folk taldearekin grabatu zuen disko hori, eta gero Frantzian, Belgikan eta Alemanian ibili zen kontzertuak ematen taldearekin.
Euskal Herrira bueltan
1976an ETAn militatzeari utzi eta Euskal Herrira itzuli zen, baina hemen aurkitu zuen giroa ez zen espero zuena. Batetik, zenbait kantarirekin ez zeukan harreman onik, bazterketa ere jasan zuen haiengandik, eta, bestetik, zentsuraren arazoa zegoen. Parisera itzultzekotan egon zen, baina geratzea erabaki zuen. Euskarazko eskolak ematen hasi zen. 1977an Lau haizetara atera zuen Madrilgo CBS diskoetxearekin, eta berriz ere Gwendalen babes musikalarekin. Aurreko diskoetan agerturiko kantuen moldaketa berriek osatzen zuten diskoaren ardatza.
Felipe Juaristik dioenez:
« | Imanol berria zen Euskal Herrira etorritakoa, ez soilik helduagoa, jantziagoa eta jakitunagoa. Sentikorragoa ere bai, musikarekiko maitasunak, hitz ederrekiko lilurak, poetekiko errespetuak bultzatu zuen kantuaren mundua ikertzera, musika eta letra uztartuz edertasuna eta giro gogoangarriak sortzera. Imanolen kantak giroak dira, atmosferak, hasperen eta taupada muinoak, beroak, gozoak, eramangarriak. | » |
Talde bila ari zen Imanol, eta Karlos eta Santi Gimenez anaiekin egin zuen topo. Haiek Oskorri utzi berriak ziren, eta Michel Longaron (bateria) eta Pedro San Martinekin batera (gitarra; Sakre) Klabelin Komik taldea osatzen zuten. Imanolen eta Klabelin Komiken arteko elkarlanak bi disko utzi zituen: Sentimentuen hauspoz (IZ, 1979) eta Jo ezan (IZ, 1981). Talde lanaz egindako diskoak biak ala biak, eta Imanolen kantagintzaren rock aroaren erakusgarri. Ordurako giroa baretu egin zen, eta Imanol onartua zen beste kantarien artean. Klabelin Komikekin esperientzia ona izan zuen arren, bakarkako bidera itzuli zen, baina geroztik egingo zituen lan ia guztietan Karlos Gimenez izango zuen alboan.
1980ko hamarkada oso oparoa izan zen Imanolentzat ikuspegi musikaletik, eta oso liskartsua eta nahasia egoera pertsonalari dagokionez. 1983tik aurrera ia urtero disko bat kaleratu zuen: Iratze okre geldiak (IZ, 1983), Erromantzeak (IZ, 1984), Oroituz (Elkar, 1985), Mea kulparik ez (Elkar, 1986), Joan-etorrian (Elkar, 1987), Muga beroetan (Elkar, 1989) eta Amodioaren berri (Elkar, 1990). Gainera, 27 ordu (Montxo Armendariz) filmeko musikan parte hartu zuen. Disko haietan guztietan euskal poeta garaikideen olerkiak musikatu zituen Imanolek, besteak beste Mikel Arregi, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete eta Felipe Juaristi poetenak. Halaber, urteak pasa ahala, Imanolen ahotsak berotasuna eta sakontasuna irabazi zituen.
1985ean Martuteneko espetxean kontzertu bat eskaini ondoren, Imanolen emanaldian erabilitako bafle batean ezkutaturik ihes egitea lortu zuten ETAko bi presok: Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak. Gertatutakoaren berri gauean izan ondoren, biharamunean bere burua polizia etxean aurkeztu zuen, eta lege antiterrorista ezarri zioten. Hortaz, Oroituz diskoa aurkezten zen egunean atxilotua zegoen. Ihesaldiarekin loturarik ez zuela erakutsi ondoren, libre geratu zen.
Yoyes zenaren senideei elkartasuna adierazi eta gero
1986an, ETAko buruzagi ohi Dolores González Katarain Yoyesen hilketaren ondoren haren senideei elkartasuna adieraztearren Ordizian kantatu zuenean. Harrezkeroztik, «giro itogarria» bizi zuela adierazi zuen, eta Imanolen kantaldi kopurua murriztu egin zen. 1986an bertan, Mea kulparik ez plazaratu zuen. 1989an, Donostiako Intxaurrondo auzoan ETAren izenean Imanol traidoretzat jotzen zuen pintaketa bat agertzeak are gehiago harrotu zituen bazterrak. Kantariari babesa eta elkartasuna azaltzeko, Beldurraren kontra kontzertua egin zen Belodromoan, Imanolen adiskideen eta Euskal Herriko nahiz Espainiako hainbat kantariren parte-hartzearekin: han izan ziren, besteak beste, Urko, Gorka Knörr, Andoni Egaña, Joxe Lizaso, Xabier Euzkitze, Jon Azpillaga, Manuel Basabe, Elisa Serna, Iñaki Eizmendi, Pablo Guerrero, Enrique Morente, Amaia Uranga, Pi de la Serra, Xavier Ribalta, Rosa León, Javier Krahe, Ricardo Solfa, Joaquín Sabina, Luis Eduardo Aute, José Antonio Labordeta, Paco Ibáñez eta Luis Pastor. Elkartasunezko telegrama bidali zuenik ere izan zen: Langile Komisioak, Juan Maria Bandrés, Luis Cobos, Teddy Bautista, Jorge Oteiza, Rafael Alberti. ETAko 180 preso ohik beren burua «ETAk nahi eta nahi ez ezarritako pentsamenduaren aurkako»tzat agertzen zuten dokumentu bat bidali zuten, Imanolen alde. Azkenik, ekitaldiko aurkezleetako batek 150 orri aurkeztu zizkion, alde bietatik beteta, aldekotasuna agertzen zioten sinadurekin. Imanolek jasotako babes hori guztia eskertu zuen, eta azaldu zuen bere nahia litzatekeela ekitaldiak gogoeta eragitea, Euskal Herrian mehatxu eta eraso gehiagorik izan ez zedin. Kontzertuaren antolakuntzak polemika bizia piztu zuen euskal kulturagileen artean. Bi hilabete geroago, Jose Migel Barandiaranen omenez Ataunen antolatutako kontzertuan ere izan zen gorabeherarik: karpa batean egitekoa zen kontzertua, baina parte hartzekoak ziren sei abeslarietatik bik uko egin zioten Imanolekin abesteari, eta boikot egitera dei egin zieten gainerakoei; azkenean, elizan izan zen kontzertua, Bitoriano Gandiaga, Antton Valverde eta Imanolen partaidetzarekin.
Euskarazko eta gaztelaniazko lanak tartekatu zituen Imanolek 1990eko hamarkadan. Viajes de mar y luna (Ediciones Cubicas, 1990) Alfonsina Storni argentinar idazleari eskainitako lana izan zen. 1994an, Barne kanta (Larrazabal) grabatu zuen, Orixek euskaratutako Joan Gurutzekoaren testuaren gainean Karlos Gimenezek sortutako musikarekin. Easo Abesbatzak eta Euskadiko Orkestrako hari atalak hartu zuten parte Imanolek egindakoetatik sakonenetakoa den lan horretan.
Hori bera da denen ixtoria (Elkar, 1996), Oroitzen (PDI, 1999), Paco Ibañezekin alboz albo egindako lana, eta Ausencia (El Europeo, 1999), gaztelaniazko poeten zenbait olerkiz osaturiko diskoa (Lope de Vega, Pablo Neruda, Gabriel Celaya, Violeta Parra, Quevedo, Pedro Salinas...), kaleratu zituen ondoren.
Bigarren eta azken erbestealdia
2000. urtean Euskal Herritik alde egin zuen. Euskal Herriko giroa jasanezina egin zitzaion, beldurgarria egin zitzaion, arriskutsua egin zitzaion. Torrevellan (Alacant) jarri zen bizitzen, eta 2003an azken diskoa atera zuen, Versos encendidos (El Europeo), Gustavo Adolfo Bécquer, Pablo Neruda, Alfonsina Storni eta Xabier Leteren hitzekin, besteak beste. Hala ere, behin baino gehiagotan itzuli zen Donostiara, os maitea baitzuen: «Donostia bihotzean dut, eta nahiz eta leku batean eta bestean egon, hori ezin da atzean utzi», zioen 2003ko otsailean Euskaldunon Egunkariari emandako elkarrizketa batean. Versos encendidos aurkezteko kontzertua eskaini zuen Donostiako Kursaalean, 2003ko otsailaren 21ean, jaioterrian eman zuen azkena.
Juaristiren arabera, Euskal Herria utzi ondoren «biziaren mugak ezabatu zitzaizkion, erbestea bere gordinean ageri zitzaion, bere bakardadean, bere mikatzean. Ez daude bi erbestaldi berdinak direnik. Parisen bere urrutian Euskal Herritik gertu zegoen; Torreviejan bere gertuan, oso urruti».
1996. urtean Hori bera da denen ixtoria diskoa plazaratu zuenez geroztik, gaztelaniaz grabatu zituen bere diskoak Imanolek. Izan ere, Pablo Neruda, Alfonsina Storni eta Gustavo Adolfo Becquerren poemak musikatu zituen. «Aukeratu dudan mundu poetikoarekin askoz identifikatuago sentitzen naiz. Agian, euskaraz ez daudelako interesatzen zaizkidan testuak», zioen Imanolek. Dena dela, hil aurretxoan, berriz ere euskaraz lan egiteari ekin zion: Julen Lekuonaren omenezko Itsasoan urak handi dire diskoan parte hartu zuen, eta Oiartzungo kantariaren bi abesti grabatu zituen: Portuko marinela eta Hiltzaile bat bezela. Gainera, euskarazko sehaska kantuen disko berri bat prestatzen ari zen, eta dagoeneko eginak zituen Lizardiren, Mikel Arregiren, Juan Mari Lekuonaren eta Patziku Perurenaren idatzietan oinarritutako kantu batzuk.
2004ko ekainaren 25ean hil zen, Orihuelako erietxean (Alacant), odol isuria eta bihotzekoa jasan ondoren. Prest zituen sehaska kantuak Bolona-molona: Imanol in memoriam diskoan (Elkar, 2004) grabatu zituzten Imanolen gertuko hainbat kantarik eta musikarik.
Diskografia
- Orain borrokarenean (Le Chant du Monde, 1972).
- Herriak ez du barkatuko (1974).
- Lau haizetara (1977).
- Sentimentuen hauspoz (1979).
- Etxahun-Etxahun (1980).
- Jo ezan (1981).
- Iratze okre geldiak (1983).
- Erromantzeak (1984).
- Orhoituz (1985).
- Mea kulparik ez (1986).
- Joan-etorrian (1987).
- Muga beroetan (1989).
- Amodioaren berri (1990).
- Viajes de mar y luna (1990).
- Barne kanta (1994).
- Hori bera da denen ixtoria (1996).
- Oroitzen (1999), Paco Ibáñezekin batera.
- Ausencia (2000).
- Versos encendidos (2003).
- Bolona-molona: Imanol in memoriam (2004). Imanolen omenez, hark prestatutako kantuak, Imanolek berak eta beste zenbaitek abestuta.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Imanol Larzabal» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
Kanpo loturak
- Felipe Juaristi: Imanol Larzabal (1947-2004), Bidegileak (Eusko Jaurlaritza)
- (Gaztelaniaz) Ainhoa Arozamena Ayala: «Imanol Larzabal Goñi», Auñamendi Eusko Entziklopedia.