Imanol Kamio
Quick Facts
Biography
Imanol Kamio (Ereñotzu, 1959) musikari ezaguna da Hernani eta inguruetan. Musikaria, musika-irakaslea, musikagilea eta abesbatzako zuzendaria da, eta bizitza osoa darama musikagintzan lanean.
Bederatzi urterekin hasi zen solfeoa eta eskusoinua ikasten Donostiako kontserbatorioan Mikel Bikondoa maisuarekin, eta pianoa gero, Jose Cruz Mujikarekin. Denborarekin beste hainbat musika-tresna jotzen ere ikasi du. Musikaren pedagogia ikasketak burutu zituen eta alor honetan hainbat ikastaro egin ditu urte hauetan guztietan maisu handien alboan.
1980. urtean musika-irakasle gisa hasi zen lanean, Ereñotzun eta Goizuetan. Eta bere ikasle batzuk urrutira iritsi dira musikaren arloan (Etzakit eta Esne Beltza taldeetako Xabier Solano eta Jon Mar Beasain; Duncan Dhu, Egan, Tapia eta Leturia, Alex Ubago edota Eñaut Elorrietarekin ibili den Txux Aranburu; Haritza taldeko Javier Oskoz eta Pello Oiartzabal; Izotz taldeko Pello Mazizior; edota Ansa Ahizpak, batzuk aipatzearren). Bere ikasleek osatzen duten Doinu Zale akordeoi orkestra zuzentzen du.
1994. urtetik Ozenki abesbatzaren zuzendaria da. Irakaslea eta abesbatzako zuzendaria izateaz gain, musikagilea ere bada.
Lanak
Hainbat kanta moldatu eta egokitu izan ditu Ozenki abesbatzak abesteko, eta berriak ere sortu izan ditu; aipagarrienak hauek:
- Ozenki abesbatzaren kanta, koruaren izaera deskribatzen duena: Kantu kantari, gu beti kantu kantari, kantu kantari Ozenki.
- Hernaniko Kirol taldeen ereserkia, errugbi eta futbol taldeei indarra emateko: Hernani beti beti Hernani, Hernani beti aurrera!!!.
- Zikuñaga auzoko danborrada, Gora Zikuñagako Ama.
- ACT arraun ligako ereserkia, euskara, galiziera eta gaztelania tartekatuz abesten dena eta telebistan estropada saio guztien amaieran entzuten dena: El ritmo en el mar, de los brazos al remar; a gran liga, los mellores o mar, traiñas, remeiros… olatuekin entzungo dituzunak, oihu ta kantuak….
- Hernaniko Amaia-Aimar Elosegi Ansari eskainitako kanta: Nora zoaz uxo zu? Zoriona non duzu? Non pentsatu dezakezu? Non daukazu zuk deskantsu? Besarkada ta muxu, zeinek ematen dizu? Atseden non daukazu? Esperoan gaituzu…. Kanta hau 2014ko maiatzaren 3an aurkeztu zen, Ozenkik bere 20. urteurrena ospatzeko eskaini zuen kontzertuan.
- Emazteari eskaini dion Katebegia sinfonikoa.
Ikuskizunak
- Beste laurogei urtian, Txirrita bertsolariaren omenezko emanaldia (2016)
- Ez gara Palestinaz ari (2013)
- Aurorak (2007tik aurrera)
Erreferentziak
- ↑ Uria L. eta Kamio I. (2014) Ozenkiren 20. urteurrena. Hernaniko XXI. urtekaria 2014, 38-46 orrialdeak