Iker Robles-Arangiz
Quick Facts
Biography
Iker Robles-Arangiz Bernaola (Beskoitze, 1941 -) euskal artista da, batez ere kantuan nabarmendu dena. Manu Robles-Arangiz eta Luisa Bernaolaren hamaika seme-alabetakoa da.
Biografia
Beskoitzen jaio eta bertan pasatu zuen haurtzaroa; alemaniarren okupazioa bertatik bizi izan zuen eta erresistentziaren aldeko bere gurasoen engaiamendua.
1952an familia Bilbora joan zen. Hamaika urterekin "Txinpartak" antzerki taldean parte hartu zuen. Irkus eta Ugutz anaiekin Olaeta dantza taldean sartu zen eta 1958an hirurek Txabi Villaverderekin Soroak laukoa eratu zuten.
1960an Bizkaiko hiriburuan abertzaletasuna bultzatzeagatik Ipar Euskal Herrira itzuli zen Ugutzekin; garai honetako lehen iheslaritzat jotzen dira. 1961ean Sioroak laukoa behin betiko banatu zen. Arrazoi familiar eta profesionalengatik kantua utzi eta kulturaren esparruan hasi zen lanean. Donibane Lohizuneko ikastolako sortzailea izan zen eta zenbait urtez Seaskako idazkaria izan zen. Euskara irakasle ere ibili zen Lohizuneko "Donibaneko Ikasleak" eta Hendaiako "Haize Garbia" taldeetan.
Kantu mundura itzuli zen; Ortziken kolektiboa sortu zuen Pantxoa Carrere, Patxika Erramuzpe, Maribel Etxezarreta, Eneko Labegerie, Peio Ospital, Manex Pagola eta Iñaki Urtizberearekin. Geroago Zirikan ikuskizuna sortu zuen Estitxu ahizparekin.
1985ean Aritzak laukotea eratu zuen Naia, Gorka eta Koldo seme-alabekin. Taldea familia Euskal Herritik (Perpinyà, Paris) kanpo zebilela sortu zen; Parisen zebilela France Culture irrati katean aritu ziren eta horren bitartez Jack Lang orduko kultura ministroak Errege Jauregian euskaraz kantatzeko gonbidapena jaso zuen. Taldeak dagoeneko bost disko atera ditu.
Erreferentziak
- ↑ Ikerren testigantza Bigarren Mundu Gerraz Euskonewsen.
Ikus, gainera
- Estitxu
- Soroak laukoa
- Ugutz Robles-Arangiz
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Iker Robles-Arangiz Euskomedian.