Gillermo Bengoetxea
Quick Facts
Biography
Gillermo Bengoetxea Izagirre (Ermua, Bizkaia 1878ko otsailaren 10a - Ermua, Bizkaia 1966ko martxoaren 15a), bertsolari, idazle eta pilotaria izan zen, Txindurri ezizenetik ezaguna.
Bizitza
Ermuko Izelaieta kaleko 8. pegoraren lehen solairuan jaioa, Pedro Bengoetxea Lasarte eta Juana Mª Izagirre Arrasketa ermuarrak izandako 7 seme-alabetan seigarrena. Aita armagina zen, txispagina zehazki, su-armetan tirua eragiten duen mekanismoaz arduratzen ziren gremio horretakoa eta amaren bitartez iritsizen familia osoak jasotakoTxindurri gaitzizena, langile finak izateak emandako nolabaiteko deitura. Mallabian eskola-maixu ona zegoela eta Gillermo bertara eramatea erabagi zuten gurasoek; bertan ikasi zuen idazten eta irakurtzen, gerora zaletasun bihurtuko zituenak.
Aita bezala armagina izango zen, Ermuko bere sasoiko ofiziorik ohikoena, eta urte batzuk ere emango zituen Eusko Trenbideen Konpainiarentzako lanean. 1902an Luzia Isasi-Isasmendirekin ezkondu eta 9 seme-alaba izango zituen bikoteak, Maria eta Kepe, bi ez beste denak ume-umetan zendu baziren ere. Lehen semea, esaterako, jaiotzeaz batera hil zitzaien; Madrilera abiatu zen orduan Luzia, inude, bularra eman eta beste familia baten umea haztera. 1906an jaiotako Maria alabari jasotako ahozko testigantza ugariei esker kontserbatu da aitxa Gillermoren bertso eta abesti legatuaren zati bat.
1936ko Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, argitara emandako bere idatziak zein pentsamolde abertzaleak kartzela ekarri zioten Gillermori. 60 urte beteak izan arren, ia hiru eman zituen giltzapean Bilboko Larrinagako kartzelan lehenengo eta Vigoko San Simon irlan gero, preso egonda “2 años, 8 meses y 28 días” berak esateko ohitura zuen bezala.
Ermuko bere jaiotetxean hil zen, neumonia bati aurre egin ezinik, 1966ko martxoaren 15ean. Ohitura zuen esateko:
« | Ez daukat hiltzeko bildurrik, baina prisarik be ez! | » |
—Gillermo Bengoetxea |
Gillermo eta Maria Bengoetxearen omenezko izena darama 1975. urtean Ermuan sortutako Txindurri Dantza eta Txistu taldeak.
Kirolari
Gazte-gaztetatik mendigoizale porrokatua izan zen, han eta harutzagoko tontor ugaritan ibilitakoa, eta urteetan eutsiko zion Urtebarri egunez Urko mendira igo eta bertan bertso bat botatzeko ohiturari.
Pilotari gisa ere aritutakoa zen eta gogoragarriak ziren berarentzako, besteak beste, Justino Urzelairi irabazitako partida eta Bilboko Deportibon, Maizekin bikote, Baltasar eta Chiquito de Azkoitia mendean hartu zituenekoa.
Kronista
Euzkadi, egunkari jeltzaleko Ermuko korrespontsala izan zen 1914tik 1931ra, etenaldi desberdinak tarte. Euskara ederrean eta jasoan, alderdiaren gaineko berriak herriko gertaerekin tartekatzen zituen, gehienetanTxindurri bezala sinatuz.
Bertsolari
Plazaz plazako eta bapateko bertsolari gisako bere ibilbidearen gaineko ezer gutxi dakigu. Balentin Enbeita bertsolaria sarritan ahalegindu zitzaion Bizkaiko Bertsolari txapelketan parte hartu zezan, baina ezetzarekin bidali zuen beti, ermuarraren iritziz “ixilik euki beharrekoren bat esan barik ezin egongo nintzan, eta etxian gelditzia hobe”.
Azoka eta erromeria lekuetan gustuko zuen kantu-paperak erosi eta buruz ikastea, baina apurka-apurka bereak idazteari ekingo zion. Bertso-papergile gisa Gillermo Txindurrik idatzi eta musikatutako hainbat lan herritartu dira, belaunaldiz belaunaldiko galbahea pasatuz. Ermuarren artean ezagunak dira Ehiztariak, Elorrixotik etorri jakun edota Neure alaban seme. Baina bere bi lan ezagunenak Babia saltzen eta Hartzaren koplak dira.
1947an, Indalezio Ojanguren argazkilari eibartarrari eginiko omenaldiaren harira Bertso-Berriak argitaratu zituen, berak sortutako inprobisazioak.
Babia saltzen
Abesti hau osatzen duten lau ahapaldiak,1955 urtean Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu ziren, gerora hainbat izenburu egokituz: Maite tratua Eibarko plazan, Maitemin eroslearena, Babia saltzen… Hain justu azken hau izan zen Oskorri folk taldeak aukeratutako izenburua The Pub Ibiltaria egitasmoaren XX. kantu sortan sartzeko. Bilbon 2006. urteko Santo Tomas egunean ehunka kantu zaleen artean abestutako guztiak, disko bihurtuta plazaratu ziren gerora; Babia saltzen bilduma horren barruan dago.
Hartzaren koplak
1934 urteko Ermuko aratusteetan abestu ziren estreinako aldiz jatorrizko lau koplak. Bertsoak idazteko abiapuntua elkartasun egoera batek bultzatu zuen. Maria Bengoetxea alabak gogoratzen zuenez, gazte bat tuberkulosiz gaixotuta zegoen eta haren lagunak aitari etxera etorri zitzaizkion, bertso batzuk egiteko eskatzera. Sasoi hartan tuberkulosia gaixotasun larria zen; zainketa berezi, elikadura egoki eta botika hutsean sendatzen zena, aurrera egitea lortzen zenean, noski. Behar ziren sosak jiratzeko zer hobe etxez-etxeko diru-bilketa bat baino.
Gillermok balizko hartz batek herritarren artean sortutako gorabeheren istorioa asmatu, zortziko nagusiaren neurrira egokitu eta musika jarri zion. Gaixo gaztearen lagunek, ostera, ganbaretan eta etxeko kutxa zaharretan harrapatutako oihal eta kapelekin mozorrotu eta euren aurpegiak erretako kortxo punta batekin belztu zituzten. Pegoraz pegora ibili ziren bertsook kantatuz eta musika joz kitarra, tronpeta eta pare bat biolinekin. Ahapaldien arteko "la la la lala lara lara" doinua egiteko, musika-tresna bitxiak inprobisatu zituzten orrazi eta erretzeko paperekin: hauekin forratuz orrazion hortzak, bertara putz egindakoan soinu berezi bat sortzea lortuz. Diru-eskean jardundako gazte koadrilak, 1.000 bat pezeta batu zuen, orduko denboretarako eta Ermuko 1.100 lagun inguruko biztanleria kontutan hartuta, dirutza.
1936ko Gerra Zibilak eten egin zuen kalez-kalekoa, baina herritar askoren memorian gorde ziren lau bertsook.1990 urtean Euskal Birusa Elkarte Kulturalak berreskuratuko zituen eta, ardi larruz mozorrotutako lagun bati esker, hartza kalejiran aterako zen berriro. Harrezkeroztik, aratuste barixakuan, inauteri ostiralean, Ermuko kaleetan zeharreko ibilbidea egiten du hartzak, herritarrez babestuta eta bere gaineko bertsoen doinu gogoraerrazen doinuez lagunduta.
Herriko ikastetxeak eta euskaltegiak arduratu dira, besteak beste, beraien ikasleen artean Patxi Urkoren istorioaren abestia ezagutarazten. 2000. urteanBengoetxearen jatorrizko bertso sortaren lau ahapaldiei beste bi gehituko zizkion Deba Beheko Bertso Eskolak eta seiok abestu ziren ia hogei urtez Hartzaren Egunaren kalejiran, berriro jatorrizko lauetara mugatu aurretik.
2016ko apirilean, Bilboko Azkuna Zentroan eta Loraldia kulturaldiaren egitarau barruan, Joxemiel Bidador pastoralaren antzezpenean Hartzaren koplen melodia, egokituta, kantuetako baten oinarri gisa abestu zuten.
Erreferentziak
- ↑ «Búsquedas Sacramentales» dokuklik.euskadi.eus .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Escritor y bertsolari» El Correo 2008-04-07 .
- ↑ González, Estibalitz.(2006). Guillermo Bengoetxea, Hartza bertsotan jarri ebana. Drogetenitturri (Euskal Birusa), 22 or. ISSN 1133-973X..
- ↑ «Berriaren xehetasuna» www.ermua.es .
- ↑ Txindurri bertsolaria. Drogetenitturri 88, 2 or. ISSN 1133-973X...
- ↑ (Gaztelaniaz) «Iniciar sesión en Facebook» Facebook .
- ↑ Elkartea, Euskal Birusa.(2015-04-29). «Apirilean, udaberria loratu zaigu - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Gastando albarcas 40 años» El Correo 2015-06-05 .
- ↑ «Ermua - Álbum fotográfico» www.ermua.es .
- ↑ «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es .
- ↑ «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es .
- ↑ «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es .
- ↑ «Alboka Musika Eskola: Argazki bildumak - Albunes de fotos» www.alboka.es .
- ↑ Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Gillermo Bengoetxea - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus .
- ↑ (Gaztelaniaz) «EL ÁGUILA DE LAS CUATROCIENTAS CUMBRES» EMMOA | Fundación Museo del Montañismo Vasco .
- ↑ «Bengoechea, Guillermo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus .
- ↑ Otzerinjauregi, Mireia eta Sangroniz, Mikel.(2001). Eibar kantuz kantu. Eibarko Udala-Egoibarra Batzordea, 153-154 or. ISBN 84-89696-29-2..
- ↑ «BERTSO / OLERKIen orrialdea» armiarma.eus .
- ↑ Babea saltzen, Oskorri-ren "The Pub Ibiltaria 10" diskatik. .
- ↑ Babea Saltzen. .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Hartza eguna» Una tradición con 80 años de historia | ermuberri. .
- ↑ González, Estibalitz.(2008, otsaila). Hartza eguneko koplen istorixia. Euskal Birusa-Drogetenitturri, 14 or. ISSN 1133-973X..
- ↑ «Ermua - Argazki albuma» www.ermua.es .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Vuelve el Hartza Eguna» El Correo 2022-02-23 .
- ↑ Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 245 zenbakia (2016ko maiatza) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS .
- ↑ dantzancom. «Joxemiel Bidador pastorala» dantzan.eus .