Gérard Blanchard
Quick Facts
Biography
Gérard Blanchard (Forez, Frantzia, 1927 - 1998ko abuztuaren 26a) tipografo, grafista, idazle eta marrazkilari frantsesa izan zen.
Biografia
Rencontres internationales de Lure elkarteko lehendakari izan zen urte askoan. Elkarte horretan tipografoak, grafistak, inprimatzaileak, kazetariak biltzen dira. Elkarteak urtero astebeteko saioak antolatzen ditu mundu osotik joandako gai horren inguruko espezialistekin. Zuzendari artistikoa izan zen, besteak beste, Club Méditerranée, Ère nouvelle, Éditions Grasset, Décorelief argitalpenetan. Irakaskuntzan ere aritu zen: arte grafikoetako goi-mailako eskola, Sorbonako Unibertsitatean, Besançoneko Arte Ederretako eskolan. 1980an doktore-tesia aurkeztu zuen: Pour une sémiologie de la typographie ("Tipografiaren semiologiaz"). 1993an Québeceko Laval Unibertsitateko honoris causa doktore izendatu zuten. Hainbat artikulu eta ikerketa egin zituen. Hainbat lan ere idatzi zuen, hala nola La Bande dessinée (1969, "Zerrenda marraztua"), Images de la musique au cinéma (1984, "Musikaren irudiak zineman"), eta Aide au choix de la typo-graphie (1998, "Tipografia hautatzeko laguntza"). Blanchardek bere garaiko joerak jasotzen jakin izan zuen, aldaketa grafikoei eta bisualei aurrea hartzen eta bere ezagutzak belaunaldi askori zabaltzen. Antzinako lanbidea gizarte-zientzien mailara igo zen haren lanari esker.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.