Gabi de la Maza
Quick Facts
Biography
Gabi de la Maza Alonso edo Txantxangorria (Barakaldo, Bizkaia, 1956ko martxoaren 22a) euskal kantugintzako Karaoketekaren ekoizlea da. 2.500 baino gehiago dira Internet-atari horretan eskaintzen dituen abestien karaoke-bideoak. Irakasle izan zen 37 urtez, 2017an erretiratu arte; Plentziako Euskal Girotze Barnetegian jardun zuen gehienbat. Gorlizen bizi da, eta 2019an euskara zinegotzia da bertan.
Ikasketak
Lanbide Heziketan elektronika ikasi zuen. Bilbon goizez ikasten zuen bitartean, gero arratsaldean batxilergoa ikasten zuen Txurdinagako institutuan, eta gero euskara ikasten zuen Santutxuko Karmelon, gauez, kuadrillakoekin.
Batxilergoa bukatuta soldadutzara joan behar izan zuen Leonera. Handik itzulita, 22 urterekin taxilari lanean hasi zen Bilbon, eta aldi berean irakasle-ikasketak egin zituen. Irakasletza Bilboko irakasle Eskolan ikasi eta euskal filologian espezializatu zen.
Musika-formazioaren aldetik, txikitan, 11 urterekin, institutuko koruan kantatu zuen. Gero gaztetan Bilboko Jatorki abesbatzan kantatu nuen.
Irakaslea
Lehen hezkuntzako irakaslea
1980ean hasi zen irakasle espezifiko moduan, euskara erakusten Plentzian. Hurrengo urtean, ikasketak amaitu eta Arrieta-Libaoko eskolara bidali zuten, Sollube magalean. Francoren garaiaz geroko lehen irakasle euskalduna izan zen eskola horretan. Hiru urte egin zituen han, gelan adin guztietako ikasleak biltzen zirela. Hogeita bat ikaslerekin, 3 urtekoak ziren txikienak, eta 14 urtekoak handienak. Arrietatik Gorlizko eskolara jo zuen, 7 urtez aritu zen bertan.
Euskal Girotze Barnetegietako irakaslea
1991n Plentziako Euskal Girotze Barnetegian lan egiteko barne-lehiaketa bat irabazi zuen, eta 26 urte egin zituen horretan gero. Plentziakoan, hemezortzi urtez.
Barnetegien programa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak abiarazi zuen, A, B eta D irakastereduak martxan jarri eta gero, ikasleek aisialdian euskaraz aritzeko aukera izan zezaten. Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuan aritzen ziren ziren Mikel Zalbide, Joxemari Berasategi, Ibon Olaziregi, Iñaki Artola… eta Agustin Mujika (Takolo pailazoa ere zena). Lehen bost urtetan barnetegiak Euban izan ziren B ereduko ikasleei zuzenduta. Ideia 1990ean Plentziara eraman zutenean orduan fitxatu zuten Gabi de la Maza. Besteak beste, Plentzia, Urduña eta Andrakako barnetegietan ere egin zuen lan.
Ikasleen motibazioa lantzeko kantua bide egokia zenez, barnetegian materialak landu eta landu, mende berriko lehen urteetan ikastaroa bukatzean CD bat banatzen zizkieten ikasleei 180 abestirekin.
« | Umeekin lan egitea gustuko izan dut beti, irakaskuntzan eman ditudan 37 urte hauetan asko gozatu dut [...] Beti erabili izan dut musika nire ikasleak motibatzeko baliabide gisa, gaur egungo erronka gazteenak motibatzea baita: euskara barnetik atera behar dugu. | » |
Txantxangorriaren karaokeak
2005. urtetik aurrera, bere lanerako hainbat karaoke sortu zituen De la Mazak, ikasleekin egonaldietan erabiltzeko. 2008an, ikasleek eskatuta, Youtubera igotzen hasi zen. 2019an bi kanal zituen, eta bien artean 2.500 abesti baino gehiago daude. Lehenengo hamaika urtean, gune horrek miloi bat bisita baino gehiago jaso zituen, eta harpidedunak orain 80.000 mila baina gehiago dira bien artean.
TBX.eus atariak euskarazko kanalek jaso dituzten bisitak zenbatzen ditu, eta egunean, astean, hilean, urtean… gehien ikusi diren euskarazko bideoak zein izan diren adierazten du. 2017an Txatxangorria-Euskal Karaokeak laugarrena izan zen bisitatuenen artean.
Sariak eta errekonozimenduak
- 2018: Interneten egindako lan onenaren Argia Saria jaso zuen.
- 2012: Omenaldia Gorlizko Euskararen egunean.
Erreferentziak
- ↑ Elustondo, Miel Angel (2018-04-29) «Gabi de la Maza: "Euskal musikaren arkeologiak asko motibatzen nau"» Argia ..
- ↑ «Txantxangorria-Euskal karaokeak» Txantxangorria-Euskal karaokeak ..
- ↑ «Gabi de la Maza: "Beti erabili izan dut musika nire ikasleak motibatzeko baliabide gisa" - Gorliz» Hiruka.eus ..
- ↑ «Bihotzeko Fonoteka: Gabi de la Maza» www.eitb.eus (Euskadi Irratia) ..
- ↑ «Bideon artxibo urteka: 2017 - TBX.eus» tbx.eus ..
- ↑ «Interneten egindako lan onenaren Argia Saria Gabi de la Mazari eman diote», txantxangorria, ..
Kanpo loturak
- Txantxangorria.eus, Gabi de la Mazaren webgunea.
- Youtubeko kanala.
- @maza_gabi, Twitterreko kontua.
- Gabi de la Maza Alonso, Linkedin sare sozial profesionalean