peoplepill id: dina-bilbao
DB
Spain
1 views today
1 views this week
Dina Bilbao
Spanish triathlete

Dina Bilbao

The basics

Quick Facts

Intro
Spanish triathlete
Places
Work field
Gender
Female
Place of birth
Ondarroa, Spain
Place of death
Antigua, Antigua and Barbuda
Age
36 years
The details (from wikipedia)

Biography

Dina Bilbao Barruetabeña (Ondarroa, Bizkaia, 1960ko abenduaren 31 – Antigua, Karibe itsasoa, 1997ko ekainaren 24a) triatleta, abenturazalea, ekologista eta feminista izan zen. Aitzindari izan zen Euskal Herrian triatloian, iraupen eskian, duatloian, txirrindularitzan eta piraguismoan; eta, 1980ko hamarkadaren erdialdetik 1990eko hasierara bitartean, Espainiar estatuko emakume erreferentea triatloian.

Bizitza

Haurtzaroa

Dinak Ondarroako Kamiñazpi auzoan igaro zuen haurtzaroa. Garai hartako ume guztiek bezala, lagunekin ia egun guztia kalean ematen zuen, sasoian sasoiko jolasetan eta zenbait kiroletan arituz. Lasaia, alaia eta hitz jario gozokoa zen.

Natura eta abentura

1983an Tolosara joan zen bizitzera, ikasketek eta Josu Iztueta tolosarrarekiko bikote harremanak eraginda. Laster bilatu zion bere bizitzari zentzua. Bizimodu berezi bezain ezohikoan, kirola, natura eta abentura uztartu zituen.

Beste herrialdeetako ohitura, kultura, hizkuntza eta kezken inguruko jakin-minak mundu guztian zehar egin zituen bidaiei eta abenturei zentzua eman zien. Izugarrizko grina zuen bidaietarako: bat bukatu bezain laster, hurrengoa antolatzen hasten zen.

Naturarekiko errespetua eta maitasuna ere aipatzekoak ziren Dinaren ezaugarrien artean. Eta, bere kirolzaletasuna zela bide, aitzindaria izan zen zenbait kiroletan, besteak beste iraupen eskian, duatloian, udako zein neguko triatloietan, txirrindularitzan eta piraguismoan.

Feminista

Harro zegoen emakume izateaz eta emakumeen berdintasun alorrean asko egin zuen Dinak, bai emakumeen partaidetza erroturik gabe zeuden zenbait kirol modalitatetan zuzenean parte hartuz, eta bai beste emakume asko animatuz eta laguntza eskainiz ere. Emakumeei eta gizonezkoei banatu behar zitzaizkien sariak berdinak izan zitezen borrokatu zen. Emakume askorentzat eredu izan zen Dina, kirol munduan ez ezik beste hainbat alorretan ere.

Kirol ibilbidea

Bere kirol ibilbideagatik egin zen Euskal Herrian ezaguna, baina berandu ekin zien lehiaketei, hogei urtetik gora zituela, 1980ko hamarkadan gizarte inguruneak laguntzen ez zuelako: emakumeak ez zuen ia lekurik kirolean, ez eta bizitza publikoan ere, oro har. Horregatik aitzindari izan zen Dina, hainbat emakume kirolari gazterentzat erreferentzia.

Iraupen eskian eta txirrindularitzan eman zituen lehenengo urteak, eta ondoren triatloian aritu zen buru-belarri. Ehun triatloi baino gehiago egin zituen, beste berrogei bat neguko triatloi, eta hirurogei bat duatloi. Berdin zitzaion luzeak ala laburrak izan, etxe aldamenean ala urrutiko lurretan.

Helburu nagusitzak inoiz hartu ez bazuen ere, Euskal Herriko zein Espainiar Erresumako hainbat eta hainbat lasterketa irabazi zituen. Inoiz ez zuen hori lau haizetara zabaldu. Ehun triatloi burutu zituen, eta horietako sei Iron Man deiturikoak, gogorrenak alegia.

Bidaiak eta espedizioak

Hainbat bidaia eta espedizio burutu zituen Bilbaok. Nilo ibaia piraguan jaitsi zuen. Izozteko zorian egon zen Kanadako Yukonen, Norvegiako Iparraldeko lurmuturrera joan zen bizikletan. Laponiako eski zeharkaldia (1984), Groenlandiako zeharkaldia (1988), Artikotik Tropikora egindakoa (1993), eta azken bat, beste hiru andrazkorekin batera Andaman uharteetan arraunean egindako espedizioa (1988); azken horretan ondoko esaldia utzi zuen idatzita egunerokoan: «Bide nagusitik ateratzen denak urrats eta arrasto hobeak uzten ditu, eta norberari nabarmenagoak gertatzen zaizkio».

Desagerpena

1997. urteko ekainean desagertu zen Karibe itsasoko uretan, bere bikotekide Iñigo Ross Iztueta eusko-antiguarrarekin batera. Grenadako uhartetik, 18 oineko katamaran (hobby boat deritzon erakoa) batean, Antiguara itzultzen ari zirela, ekaitz gogor batek ezustean harrapatu zituen. Ekaitzak ontzia hondatu zuen, eta irratiz laguntza eskatu zuten, baina ekaitzak eragotzita erreskate taldeek ezin izan zieten unean bertan lagundu. Geroago, erreskate taldeek itsasontziaren puska batzuk aurkitu zituzten, baina bikotearen arrastorik ez. Dinak bi urte zeramatzan Antigua uhartean bizitzen, eta 36 urte zituen.

Omenaldiak

  • Bi omenaldi xume bezain hunkigarri egin zizkioten Ondarroako eta Tolosako adiskideek, desagerpenaren berri izan bezain laster. Lehena Saturrarango hondartzan; eta biharamunean, aldiz, Tolosan. Ordutik, adiskideek jarri eta zaindutako oroigarri polita dago Akilla gainean, “talaieroen” antzera uneoro itsasoari begira.
  • Dinamartxak. Urteak daramatzate jadanik Zapato Azuleko ekitaldien barruan Dinamartxa antolatzen, Tolosatik Ondarroara bizikletan —eta azken urteotan baita mendiz mendi zein itsasoz ere— bi herriak elkartuz, Dinak Tolosan bizi zela bere familia bisitatzearren bizikletaz egiten zuen bideari jarraituz. Jendetza handiak egiten die ongietorria martxako partaideei Ondarroako Alde Zaharrean. 2018an XXI. Dinamartxa antolatu zuten.

Bekak

  • Dina Bilbao Barruetabeña Bidaia Beka antolatu zuten 2007an Dinaren lagunek. Bidaia bekarekin, Dinak bere bizitzan agertu zituen balioak sustatu nahi izan zituzten: kirol legea, euskaltzaletasuna, proiektu berriei ekiteko irudimena eta ausardia, beste lurraldeetako biztanle eta bizimoduekiko jakin-mina, bizikidetzarako gaitasuna. Dina Bilbao Beka, Belauntza eta Ibarrako zazpi mendizalerentzat izan zen. Zazpi lagunok Alpeetara joan ziren, hango glaziar batzuen atzerakada ikustera.
  • 2012an, Ondarroako udalak «Bertako kirolariak historian zehar» ekimena abiatu zuen, beka bat kaleratu zuen, eta hortik tiraka Dinaren biografia idatzi zuen Nagore Salaberria irurarrak, Dina Bilbao Barruetabeña. Bizitza eta kirol ibilbidea izena duena.

Erreferentziak

Kanpo loturak

The contents of this page are sourced from Wikipedia article. The contents are available under the CC BY-SA 4.0 license.
Lists
Dina Bilbao is in following lists
comments so far.
Comments
From our partners
Sponsored
Credits
References and sources
Dina Bilbao
arrow-left arrow-right instagram whatsapp myspace quora soundcloud spotify tumblr vk website youtube pandora tunein iheart itunes