Arantxa Iturbe
Quick Facts
Biography
Arantxa Iturbe Maiz (Alegia, Gipuzkoa, 1964ko ekainaren 9a - ) euskal idazle eta irrati esataria da, "Euskadi Irratia"n lan egiten duena. Egun Tolosan bizi da.
Bizitza eta obra
Informazio-zientzietako ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Euskadi Irratian egiten du lan, kazetari gisa. Goizean Behin saioan esatari eta zuzendari moduan egindako lanagatik Kazetaritzako Rikardo Arregi saria jaso zuen 2000. urtean. Bere burua kazetaritzat baino esataritzat du Iturbek.
Horretaz gainera, iritzi-zutabeak idazten ditu hainbat egunkaritan.
Bere idatziek gizakien arteko harremanez dihardute batez ere.
1992an Ezer baino lehen ipuin bilduma argitaratu zuen, eta urte horretan bertan Euskadi Irratiak haren Maite, maite, maitea antzezlana eman zuen irrati nobela gisa. Hizkuntza zuzen eta biziko 17 ipuin laburrek osatzen dute, bikote harremanen gorabeherak, gaizki ulertuak, komunikazio arazoak… gune nagusitzat harturik Batzuk, aurretiaz argitaratuta zeuden HABE aldizkarian; beste batzuk, zenbait sari lortutakoak: “Riiiing” eta “Maiteak denak”
1995ean beste ipuin bilduma bat argitaratu zuen: "Lehenago zen berandu". 13 testu laburrek osatutakoa da. Bere ipuinek pertsonen arteko harremanez dihardute batez ere, eta emakumeak dira protagonista nagusi.
Bi lan hauen ondoren aitortu zuen Arantxa Iturbek bere burua idazle.
1999an, "Ai ama!" saiakera laburrean, amatasunaren gaineko burutapenak plazaratu zituen, topikoak hauste aldera. Lan hori antzerkirako moldatu zuen Agurtzane Intxaurragarekin batera, eta HIKA Taldeak antzeztu zuen 2001ean. Iturbek eta Intxaurragak euskarazko antzerkigilerik onenaren Max saria jaso zuten handik bi urtera. Antzerki lanak idazten jarraitu du azken urte hauetan HIKA Taldeko Agurtzane Intxaurragarekin batera. Eta "Aitarekin bidaia" obraren gidoiaren idazketa lanarengatik sari bera irabazi zuten Intxaurragak eta Iturbek 2011n.
2001ean euskal haur eta gazte literaturaren alorrean barneratu zen eta hainbat lan argitaratu ditu.
2006an "Kontu-jaten" argitaratu zuen, XX. mendearen lehen hamarkadetan jaiotako Euskal Herriko hainbat emakume eskarmentu handikoei egindako elkarrizketa bilduma.
Ibilbidea irratian
Ezaguna egin zen irratiaren munduan Jaime Otamendirekin batera aurkeztutako "Goizean Behin" irratsaioarekin, "Euskadi Irratia"n. 1985ean hasi zen bertan lan egiten.
Gaur egun, "Arratsaldekoa" saioa gidatzen du.
Idazlanen zerrenda
Narrazioa
- Ezer baino lehen (1992, Elkar)
- Lehenago zen berandu (1995, Alberdania)
- Bakarrizketan (2001, Alberdania): Kike Amonarriz, Pako Aristi, Harkaitz Cano, Andoni Egaña... eta beste idazle askoren narrazioak biltzen dituen bilduma
- Kontu-jaten: gure herriko emakume eskarmentudunen mahaian (2006, Alberdania)
Saiakera
- Ai ama! (1999, Alberdania)
Haur Literatura
- Nik eserita egiten dut eta zer? (2001, Elkar)
- Amona basoan galdu zenekoa (2003, Elkar)
- Norak suhiltzaile izan nahi du (2003 Elkar)
Antzerkia
- Maite, maite, maitea (1-15) (1992, Eusko Jaurlaritza)
Nobela
- Koaderno zuria" (2017, Elkar)
Sariak
- Riiiiing Julene Azpeitia Saria, 1999
- Maiteak, denak Donostia Hiria Saria, 2001
Itzulpenak
Nik eserita egiten dut
- (Katalanez) "Jo ho faig assegut" (Barcelona: La Galera, 2001) itz. Maria Josep Escrivà i Vidal
- (Katalanez) "Jo ho faig assegut" (Valencia: Tandem, 2008) itz. Maria Josep Escrivà i Vidal
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
- (Euskaraz) Arantxa Iturbe literaturaren zubitegian
- (Euskaraz) Liburuak Alberdanian
- (Euskaraz) "Kontu jalea", Arantxa Iturberi buruzko artikulua Berrian
- (Euskaraz) Elkarrizketa Argian