Andoni Tolosa
Quick Facts
Biography
Andoni Tolosa "Morau" (Hernani, Gipuzkoa, 1963ko azaroaren 26a - ) euskal idazle, musikaria da, irrati-esatari,eta online erako euskara irakasle aitzindaria da. Morau izenarekin diskoak kaleratzen bazituen ere, bere hirugarren disko luzetik aurrerantzean bere taldearen izena ageri da: Morau ta Agotak.
Bizitza
Andoni Tolosaren goitizen artistikoa da Morau. Folk-rock kantautore horrek "gizartearen kronistatzat" hartzen du bere burua, miresten dituen Woody Guthriek eta Billy Braggek jorratutako ildo berean, eta ironiaz eta xamurtasunez beteriko kantuak plazaratu ditu orain arte grabatu dituen bost diskoetan.
Komikigintzan aritutakoa da, eta Satorrak poesia liburua argitaratu du. Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariarekin, Argia astekarian Bokarta komiki zinta egiten zuen garaian hartu zuen Andoni Tolosak (Donostia, 1963) Morau ezizena. Kantagintzan hasi aurretik, poema liburu bat argitaratu zuen, Satorrak (Susa, 1990), eta bat baino gehiago dira haren hitzak musikatu dituztenak (Ama Say, Petti, Madarikatuak...).
Autodidacta folk taldean egin zituen Morauk lehen urratsak musikagintzan, baina 90eko hamarkadara arte ez zen hasi jendaurrean abesten gitarra akustikoaren laguntza bakarraz. Pare bat maketa grabatu eta ia urtebetez Xabier Montoia abeslariarekin (Hertzainak, M-ak) taberna eta areto txikietan kontzertuak ematen aritu ondoren, lehen diskoa grabatu zuen, Morau (Gaztelupeko Hotsak, 1996), formatu elektrikoan, Deabruak Teilatuetan taldeko kideen laguntzarekin. "Nork daki" kantuak berehala oihartzun handia hartu zuen, "Koka Kola lata bat baino gehiago da utopia" dioen lelo itsaskorrari esker. Balerdi Balerdik kantu horren moldaketa bat egin zuen Hobe behin horri ezenez beti hori diskoan (Gor, 1997), eta ETBko Ez gaude konforme telesaileko sintonia izan zen. Hitzei musikari adina garrantzia ematen die Morauk, gizartearen gaineko begirada kritikoa, ironikoa, samurra eta umoretsua eskaintzeko. "Autobusean bururatutako istorioak dira gehienak. Nire inguruan gertatzen denaz hitz egitea gustatzen zait. Hori bai, ez dut soziologiarik egiten kantuetan, edo behintzat ez dut ondoriorik ateratzen".
Aspaldi idatzita eduki arren lehen diskoan lekurik aurkitu ez zuten kutsu urbanoko abestiak Kantu galduak EP akustikoan (Gaztelupeko Hotsak, 1998) grabatu zituen, hainbat musikarirekin: Joseba Tapia, Ñaco Goñi, Petti eta Joxi Ubeda, besteak beste. Lau kantu propioez gain, hiru bertsio biltzen ditu diskoak: Balerdi Balerdiren "Lore etxean", Xabier Montoiaren "Zugan gogoa" eta Jose Afonso kantari portugaldarraren "En quanto a força", a cappella abestutakoa.
Bakarkako emanaldiak bazter utzi gabe, Beñardo Goietxe (gitarra; Noise Hole) eta Josu Gabellanes (bateria; Uncle Mussels) musikariekin kontzertuak ematen hasi zen Morau. Hala ere, hurrengo diskoa, Amodio domestikoak (Gaztelupeko Hotsak, 2000), musikari askoren kolaborazioaren emaitza izan zen: Petti, Joseba Irazoki, Maite Arroitajauregi... Soinu aldetik jantziagoa eta moldaketetan landuagoa da aurrekoa baino, baita malenkoniatsuagoa ere, eta estilo aniztasun handiagoa eskaintzen du: bossanova, countrya, baladak... Euskal kantagintza berria ekarri zuten abeslarien eragina aldarrikatzeko, Mikel Laboaren "Martxa baten lehen notak" kantuaren moldaketa grabatu zuen. Diskoak aukera eman zion Smog kantari estatubatuarrarekin eta Adria Punti katalanarekin partekatzeko agertokia, besteak beste.
Hirugarren disko luzea, Txukalda (Gaztelupeko Hotsak, 2004), Morau eta Agotak izenpean kaleratu zuen, Beñardo Goietxek (gitarra), Igor Mendiak (bateria) eta Jexux Agirresarobek (baxua; Larrua Truk) osatutako hirukotearekin landu baitzuen. Apaingarri gutxiko lana da, soinu sinple eta zuzenekoa, eta estilistikoki country-rock kutsu handiagoa du. Aurrekoan bezala, Ez Dok Amairu taldeko beste kide ohi baten kantu bat moldatu zuen, "Haizea dator" (Xabier Lete).
Agotak taldearekiko elkarlanak jarraipena izan du Morauren orain arteko azken diskoan: Kalamidadiak (Gaztelupeko Hotsak, 2008). Bertan power-pop doinuetara hurbildu da Morau, eta, ohi bezala, kantari historiko baten bertsioa egin du: Imanolen "Mendian gora" kantuarena. Halaber, Balerdi Balerdiren "Lore etxean" berreskuratu du molde elektrikoan emateko.
Musika kazetaria
Kantaria izateaz gain, Berria egunkarian musikaz 200 artikulu baino gehiago idatzi ditu 2010tik. Baina lehenago ere ehundaka artikulu zabaldu ditu Entzun! aldizkarian, baita Euskaldunon Egunkaria eta Gara egunkarietan ere, Urteetan musika saioak aurkeztu izan ditu Donostiako Herri Irratia eta Info7 irratietan (Beste bat irratsaioa). Euskal musikari buruzko Badok musika atariko hainbat artikulu eta kritika idatzi ditu.
Online erako euskara irakaslea
Lanbidez, Hernani eta Donostiako AEKko euskaltegietan irakaslea da aspaldidanik. Horretan IKT teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak integratzeko aitzindaria izan da.
Galeria
Morau ta agotak
Egunkaria 2001-03-29
Egunkaria 1999-06-23
Egunkaria,2002-09-28
Lanak
Poesia
- Satorrak (1990, Susa)
Musika
Morau
- Morau (Gaztelupeko Hotsak, 1996)
- Kantu galduak (Gaztelupeko Hotsak, 1998)
- Amodio domestikoak (Gaztelupeko Hotsak, 2000)
Morau ta Agotak
- Txukalda (Gaztelupeko Hotsak, 2004)
- Kalamidadiak (Gaztelupeko Hotsak, 2008)
Morau eta Beñardo
- Arrainentzako himnoak (Egilea editore, 2014)
Morau
- Egunsentiak alperrentzat (autoekoizpena, 2018)
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Morau» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ Tolosa Goikoetxea, Andoni.(1991). Rocka eta poesia. ..
- ↑ Argia, 2000ko uztaila
- ↑ Tolosa, Andoni. «Andoni Tolosa» Berria ..
- ↑ Tolosa, Andoni.(2003). «Andoni Tolosa bilatzean 183 emaitza Euskaldunon Egunkariaren hemerotekan. 1990-2003.» Euskaldunon egunkaria (berri.eus) ..
- ↑ «naiz: andoni tolosa - 1» www.naiz.eus ..
- ↑ Irratia, Naiz.(2019-11-21). «Andoni Tolosa x 3» irratia.naiz.eus ..
- ↑ Tolosa, Andoni. «Badok» Badok (berria.eus) ..
- ↑ Tolosa Goikoetxea, Andoni.(2019). Hizkuntzak ingurune digitalean ikasten eta irakasten: praktikaren eskutik AEKn. Liburu honetan: IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan.. UEU, 255-281 or. ..
- ↑ Txukalda. ..
- ↑ Kalamidadiak. ..
- ↑ Arrainentzako himnoak. ..
- ↑ Egunsentiak alperrentzat. ..
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Morau |
- Morauren webgunea
- Morau Gaztelupeko Hotsen webgunean
- «Andoni Tolosa», Literaturaren Zubitegia