Biography
Also Viewed
Quick Facts
Gender |
| |
Birth | 6 October 1945, Mondragón, Debagoiena, Gipuzkoa, Basque Country | |
Age | 79 years |
Biography
Jesus Mari Zabarte Arregi Garratz, (Arrasate, Gipuzkoa,1945eko urriaren 6a - ) ETAko kidea izan da. 1967. urtean egin zen ETAko kide. 1973an, 1978an eta 1984an atxilotu zuten. Espetxeraturik denbora gehien egon den ETA erakunde armatuko kidea izan da. 2013ko urtarrilean Auzitegi Gorenaren "197/2006 doktrina" aplikatu zioten baina Estraburgoko Auzitegiak "doktrina" hori modu retroaktiboan aplikatzea giza eskubideen aurkakoa dela baieztatu ondoren, 2013ko azaroaren 20an aske geratu zen. . Itzal handia zeukan ETAko presoen artean. EPPKren mintzakidea izendatu zuten 1997an.
Familia
Bere gurasoek, Tomas Zabarte eta Joxepa Arregik hiru seme-alaba izan zituzten: Jose Alberto, Isabel eta, gazteena, Jesus Mari. Jesus Mari jaio aurretik hil zen Tomas, Joxepak 25 urte zituela.
Joxepa Arregi Arrasateko Musakola auzoko Garratz baserrian jaio zen. Amaren baserriko izena jarriko zioten ezizen Jesus Mariri: Garratz
Tomas Zabarte Iturriaga, bere aita, Gazte Sozialista Bateratuetako (JSU) kidea izan zen. 1934ko Urriko Iraultzan parte hartzeagatik Guadalupeko gotorlekuan kartzelatu zuten. 36ko gerran, Gazte Sozialista Bateratuen Dragones miliziano batailoiko teniente izan zen. Besteak beste, Intxortako frontean egin zuen borroka bere batailoiarekin. Azkenean, Asturiasko frontean atxilotu zuten, eta kartzelatu. Aita espetxetik irten ondoren ezkondu ziren.
ETAko kide
Txomin Iturberen bidez sartu zen ETA erakundean, 1967. urtean. 1969an ihes egin zuen Arrasatetik Ipar Euskal Herrira, bertan errefuxiatzeko. ETA V.aren berrantolaketan parte hartu zuen Eustakio Mendizabal Txikia, Txomin Iturbe, Jose Manuel Pagoaga Peixoto eta beste militante batzuekin.
Ipar Euskal Herrian ezkondu eta seme bat izan zuen. 1975Eko ekainaren 19ean bere andrea izandakoa bahitzen saiatu zen Batallón Vasco Español deklakoak.
ETA V.eko fronte militarrean aritu zen. Polizia eta guardia zibilekin enfrentamendu eta tiroketa ugari izan zituen. Erakutsitako ausardia eta determinazio neurrigabeek sona handia eman zioten Euskal Herriko ezker abertzalearen giroetan.
Poliziek ETAko hainbat ekintzetan parte hartzea leporatu zioten: Banco de la Vasconiaren atrakua 1969an, Urnietako Xoxoa baserria erretzea 1971an, Beasaingo Banco Guipuzcoanoko atrakua, Ahumadako dukearen estatua zartatzea 1972an, 1973ko abuztuaren 8an Galdakaoko Cervantes liburutegia erretzea ...
1972ko urtarrilean Poliziaren Buruzagitzak zabaldutako prentsa oharrean garai horretako ETAren ekintzen egiletzat jo zuen.
1972ko martxoaren 2an Ahumadako dukearen monumentua zartatu zuen Iruñean.
1972ko martxoaren 7an Manuel Gaztelumendi Zabaletarekin batera leherkariak lapurtu zituen Elizondoko Iturria Hermanos enpresan.
1972ko martxoaren 16an Jon Goikoetxea eta Isidro Garalderekin zihoan autoa Guardia Zibilaren kontrol batean geldiarazi zutenean. Polizien tiroen artean mendira jo eta alde egin zuten. Guardia Zibilek Jon Goikoetxea zauritu, harrapatu eta hil egin zuten. Mamarru eta Garratz Iparraldera igaro eta gero Frantziako poliziak atxilotu egin zituzten, eta Bardeliora deportatu, baina deportazioa apurtu eta klandestinitatera jo zuten.
Berriro bueltatu zen Nafarroa Garaiera, ETA V.aren fronte militarreko arduradun gisa.
1973ko urtarrilean, Felipe Uharte bahitu baino egun batzuk lehenago, beste eskapada bat egin zuen Iruñean. Aurre egin zien identifikatu eta atxilotu nahi izan zuten poliziei eta alde egitea lortu zuen.
1973ko urtarrilean Felipe Huarteren bahiketan parte hartu zuen.
Eustakio Mendizabal Algortan 1973ko apirilaren 14an hil zutene egunean, Zabarte Bilbon berarekin izan zela esan zuen poliziak .
1973ko irailaren 26an Espainiako poliziak segada bat prestatu zuen Bilboko Indautxu kalean Jesus Imanol Mitxelena Oxobi eta bera atxilotzeko. Tiroketan Garratzek bost tiro jaso zituen eta Mitxelenak beste bost. Hasiera batean hil egin zituztela zabaldu zen, baina tiro gehienak hanka batean jaso zituen. Tiroketan ez zuen atzera egin, eta polizia bat ere zauritu zuten. Etxe bateko atezaina eta haur bat ere balaz zauritu ziren tiroketan. Basurtoko ospitalera eraman zituzten .
Hurrengo egunean Labe Garaietan atraku bat egitekotan ari ziren atxilotu zituztenean.
Gerra-kontseiluak
Ate itxita egin zizkioten hainbat Gerra-kontseiluetan 94 urtetara kondenatu zuten, eta artean bazituen beste kausa gehiago epaitzeke. Gerra-kontseiluen aurrean tribunalaren aurka egin eta aretotik bota zuten.
Felipe Huarteren bahiketagatik 1974ko ekainaren 11n Gerra-kontseiluan epaitu zuen Santanderren Tribunal Militar batek ateak itxita Bixente Serrano Izkorekin batera. Zabarte makuluekin zegoen, 1973ko irailaren 9an jasotako zauriengatik, eta epaiketa hasterakoan aretotik kanpo bota zuten, tribunal militarraren aurkako oihuak egiteagatik. Epaiketa amaitzeko, berriro eraman zuten aretora, zerbait esateko zuen galdetzeko, eta berriro tribunalaren kontrako oihuak egin eta makulu bat bota zien tribunaleko kideei . 36 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Felipe Huarteren bahiketan parte hartzeagatik.
Ahumadako dukearen estatua zartatzeagatik 15 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Burgosen 1974ko azaroaren 24an egindako Gerra-kontseiluan .
1974ko azaroaren 27an Burgosen ate itxian egindako beste Gerra-kontseilu batean, Beasainen 1971eko abenduaren 31n Banco Guipuzcoanon egindako atraku bategatik Tribunal Militarrak 25 urte ezarri zizkion Zabarteri. Tribunalak Zabarte, Fernandez Trincado eta Muñoa Galarraga aretotik kanporatu zituen, tribunalaren aurka egiteagatik. Epaiketa egin zenean gose greban zeuden.
Elizondon leherkariak lapurtzeagatik 21 urteko espetxe zigorra ezarri zizkioten Jesus Mari Zabarteri, 1974ko irailaren 19an Burgosen egindako Gerra-kontseiluan .
Espetxean
Basurtuko ospitalen ostean Basaurin, Santoñan, Burgosen eta Puerto de Santa Mariako espetxeetan egon zen. Guztira ia lau urte egin zituen espetxean 1977ko apirilaren 14an amnistiaren dekretuarekin kalera irten arte. Denbora horietako heren bat baino gehiago isolamenduan zigortuta egin zuen. Gose greba eta protesta kolektibo ugari ere egin zituen. Burgosko espetxean pistola bat eskuratu eta ihes egiten saiatu zen. Kartzelako atarian harrapatu zuten .
1974ko maiatzaren 22an gose grebari ekin zion beste 7 presorekin batera, Jose Orube Etxebeste ziegan zulo bat egiten harrapatu eta zigor ziegetara zigortu zutelako elkartasunean..
1974ko ekainaren 27an Basauriko espetxean zeuden ETA V eta ETA VI erakundeetako 13 preso politikoek gose greba egin zuten Zabarterekin elkartasunean. Zabarte gose greban zegoen zigor ziegetan, funtzionario batekin eztabaida bat izan ondoren. Gose grebak aurrera jarraitu zuen . Gose greba uztailaren 13an amaitu zen, Zabarteri zigorra kendu eta zentsuraren inguruan presoen hainbat aldarrikapen onartu ostean .
1975eko martxoan Burgosko espetxean berarekin zeuden beste ETAkideekin -Iñigo Alkain eta Lazkaoko Patxi- eta beste hiru preso sozialekin batera ihes egiteko saioa egin zuen. Kartzelara esnezale bat sartzen zela baliaturik, pistola bat eskuratu eta hainbat kartzelari menderatu zituzten, baina egun horretan ohi baino kartzelari gehiago ziren bertan, eta esnezaleak alde egin eta abisua eman zuen. Kalera irten orduko zain zituzten guardia zibilak. Zigortuta -42 egun isolamenduan- Puerto de Santa Maria espetxera bidali zuten
Amnistiarekin kalera
1977ko apirilaren 14an kalera irten zen Puerto de Santa Maria espetxetik, amnistia dekretuaren aplikazioarekin .
1977ko apirilaren 18an ongi-etorri ekitaldi jendetsua egin zieten Bilbon, Iñaki Aramaio, Josu Abrisketa, Pedro Fernandez Trincado eta Zabarteri. Egun berean, beste ongi-etorria egin zioten Arrasaten . Herriko txistulari bandak harrera egin zion Portaloian eta handik herriko plazara joan ziren, bertan ongi etorri ekitaldia egiteko, 5.000 lagunen artean.
Arrasaten bizi eta lan egiten hasi zen, altzarigintzan. Euskal Herria zeharkatu zuen 1977ko Askatasunaren Ibilaldiko zutabe batean. HASI alderdi politiko sortu berrian sartu zen.
Espetxera berriro
1978ko azaroaren 22an gaueko 01:00etan, bizirik atera zen poliziek Arrasaten gaueko 01:00etan prestatu zioten beste segada batetik. Azkenean, poliziak Zabarteren doberman zakurra tiroz hil zuen, leihoetara tiroka ere ibili ziren, jendea protestaka hasi zelako . Poliziak beste bertsioa zabaldu zuen .Inguruan zeuden Garratzen neskalagun Espe Mercader Solagaistua eta beste lagun bat ere atxilotu zituzten. Azken hau libre utzi zuten komisariatatik pasa ondoren. HASIk ohar bat kaleratu zuen bere alderdiko kidea babestu eta poliziaren bertsioa gezurtatzeko. Herri Batzorde batek ere gezurtatu egin zuen poliziaren bertsioa. Zabartek, poliziaren etxean tratu txar eta torturak jasan zituela salatu zuen.
Jesus Mari berriro kartzelara bueltatu zen. Lehendabizi Martutenera eta, abenduaren 27an, Soriara, egun horretan bertara eraman baitzituzten Martutenen, Basaurin, Iruñean, Langraitzen eta Burgosen zeuden euskal preso politikoak.
Hauteskunde zerrendetan
Espetxean zegoela, 1979ko martxoaren 1eko Espainiako Hauteskunde Orokorretan Herri Batasunak preso bana sartu zituen Herrialde bakoitzeko zerrendetan. Horretara, Jesus Mari Zabarte HBko hautagaia izan zen Gipuzkoako zerrendetan Espainiako Diputatuen Kongresurako.
Soriatik 1979ko martxoaren 28an irten zen, behin-behineko askatasunean, 100.000 pezetako fidantza ordainduta. 1980ko otsailaren 11n epaitu egin zuten Espainiako Auzitegian. Fiskalak 6 urteko espetxe zigorra eskatu zizkion. Garratzek HASIko kidea zela deklaratu zuen, eta akusazioak gezurrezkoak zirela esan zuen epaiketan
Gipuzkoako 1979ko Foru Aldundietan aukeratu zuten Jesus Mari Zabarte Arregi
1980ko Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetan HBko zerrendetan hautagai izan zen.
1980ko abenduan berriro ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira.
Espetxera hirugarren aldiz
1984ko ekainaren 15ean atxilotu zuten berriro, Hernanin, Guardia Zibilek ETAko talde bat etxebizitza batean inguratu zutenean, inongo ihesbiderik gabe. Guardia Zibilek Garratzekin etxebizitza hartan zeuden Agustin Arregi Txuria eta Juan Luis Lekuona Kattu hil egin zituzten bertara granada bat jaurtiz . Operazio horretan, Antonio Aguayo Gimenez guardia zibila esku batean zauritu zuten beste guardia zibilek botatako tiro batez. Guardia zibil hori GALen inplikatuta epaitu eta zigortu zuten Galindo jeneralaren taldekoa izan zen. Eta EAEko Lehendakari Ibarretxek domina bat eman zion biolentziaren biktima bezala
Zabarteri ETAko Donostia komandoko kide izatea eta ekintza ugarietan parte hartzea leporatu zioten. Guztira 615 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Espetxeetako ibilbidea
1984tik aurrera kartzela ugarian izan da Jesus Mari: Carabanchel, Herrera de la Mancha, Alcala-Meco, Almeria, Ceuta, Salto del Negro, Puerto de Santa Maria, Alcala-Meco, Salto del Negro, Alcala-Meco, Valdemoro (1993.06.--), Valdemoro (1993.10.02), Salto del Negro, Valdemoro (1994.04.11), Salto del Negro , Valdemoro (1994.09.23), Salto del Negro , Valdemoro (1996.01.04), Valdemoro (1997.02.19), Salto del Negro (1990.04.07), Huelva (1998.12.23), Valdemoro (2000.02.11), Huelva, Jaen II, Huelva (2004.08.--), Valdemoro (2006.03.09), Huelva (2006-04-20), Jaen II (2010.05). 2013ko azaroaren 20an kaleratu zen espetxe honetatik.
Gose greba eta protesta ugari egin ditu urte hauetan. Gobernuak 1986an presoen sakabanatzearekin Almeriara bidali zuen eta harrez gero makina buelta eman ditu Espainiako kartzeletatik. Salto del Negroko espetxean gose greba luzeak egin zituen bere kideekin batera, bertan inposatu zizkieten bizi-baldintzak hobetzeko helburuarekin.
1996ko uztailaren 11n EPPK-k zabaldutako agiri batean, Kolektiboaren mintzakide taldekoa izendatu zuen Jesus Mari Zabarte.
Zigorraren hiru laurdenak beteta ere, eta legearen arabera kalean izan beharko litzatekeen arren, kartzelan jarraitu zuen. Espetxe zigor guztiak bateratuta, gehienez jota, 2013an atera beharko zen kalera, atxilotu zuten garaiko Espainiako Kode Penalaren arabera preso batek ezin duelako 30 urte jarraian baino gehiago egin espetxeetan. Dena dela, 2013ko urtarrilean Espainiako Auzitegi Gorenaren "197/2006 doktrina" aplikatu zioten eta, irteera data 2013ko martxoaren 29rako finkatua zuen arren, 197/2006 doktrina aplikatuta, zigorra 2014ra arte luzatu zioten. Azkenean, baina, Estrasburko Auzitegiak 197/2006 doktrina bertan behera utzita, 2013ko azaroaren 20an irten zen kalera .
Kaleratu zen egunean, kartzelan jarraitzen duten presoen egoera gogorarazi eta haiek askatu beharra azpimarratu zuen. Bere buruari buruz, hala zioen: "koordenada berritara moldatu beharko dut nire burua. Bizitzen ikasi beharko dut berriro" .
Amari agur esateko aukerarik gabe
Joxepa Arregi 2010eko maiatzaren 24an hil zen. Bere ama hilzorian zegoela, Zabartek ama bisitatzeko baimena eskatu zuen. Ezaguna da Garratzek ez duela inoiz espetxeetako agintariei ez holakorik ez bestelako mesederik eskatu, baina orduan etxekoekin hitz egin ostean amari agur esateko egin zuen eskaera. Horretarako ama bizirik ikusi nahi zuela adierazi zuen, bere bizitzako esker ona emateko, bizitza osoan jasotako guztia zelanbait itzultzeko. Legeak kasu horietan presoa etxera eramatea jasotzen du, baina kasu honetan eskaerari entzungor egin eta ama ikustera eraman beharrean Huelvako espetxetik Jaen II espetxera eraman zuten . 2010eko uztailean gutun ireki bat argitaratu zuen Joxeparen omenaldian izandakoei eskerrak emoteko. Jon Maiak ekitaldi hartan esandako bertsoa ekarri zuen paperetara ama gogoratzeko: «Agur eta ohore Joxepa Arregi, Askatasunaren dama, zazpiehun preso seme-alaben duintasunaren ama»
Erreferentziak
Ikus, gainera
- Pakito Arriaran