Biography
Gallery (3)
Lists
Also Viewed
Quick Facts
Biography
Antonia Salaberria Azkarate (Eibar, Gipuzkoa, 1906ko ekainaren 13a – Eibar, Gipuzkoa, 2000ko azaroaren 28a) erraketista profesionala izan zen. Pilota arloan Toni izengoitiarekin ezaguna, atzelari jokatu zuen, Madrilgo, Bartzelonako, Mexikoko eta Habanako hainbat pilotalekutan.
Bizitza
Jatorriz bergararrak zituen gurasoak, Jose Miguel eta Jabiera. Gerora, Eibarren bizi zirela, aitak bizikletak alokatzen zituen, orduka, honenbeste denborarako. Gaztetxoen artean baina, ohikoa bihurtu zen, adostutako ordua pasatuta egon arren ere, txirringa ez itzultzea. Antonia izaten zen haien bila joateaz arduratzen zena: beste baten gainean jarrita, pedalei arin ematen zien, bazekien-eta non topatu, ze udaletxe ostea zen bizikleta zale haien entrenatze lekua. “Han, badator Alkiler!”, orroaka esaten zioten elkarri Toni ikustean, euren artean Alkiler deitzen zioten-eta. Tonik bizikletadunari ostikada bat eman eta, berreskuratutako bizikleta manilarretik oratuta, etxera abiatzen zen, pozik.
Erraketista ibilbidea
Pilotan neskatotxotan hasi zen jokatzen. Bere akorduz, bizi guztia egin zuen frontoian, eskuz lehenengo eta erraketarekin gero. Eibarko San Juan batzuetan, erraketisten jaialdi bat egon zen eta ikusleen iritzia Tonik haiek baino hobeto jokatzen zuela izan zen. Valentin Zumelabe ebanista mutrikuarrak erraketa bat oparitu zion eta pilotari izatera animatu zuen, neskame joatea baino hobea zela argudiatuz. Lehenbiziko aldiz fitxatu zutenean, ez zuen joaterik izan: ama bizirik oraindik, ez zuen begi onez ikusten bere alaba 'emagaldu' baten gisa eta bakarrik aldentzea Madril eta abarreko leku hurrunetara. Ama zendu zenean, pilotara dedikatzeko erabakia hartu zuen.
Madrilera joan zen, artean 12-13 urteko neskatxoa zela. Eibartik kapitalera jokatzera Eugenia Iriondo aurrelaria joan zen inor baino lehenago eta haren ostetik Toni bera. Hilekoarekin zegoenean baina, Eibarrera etortzen zen, ez zietelako jokatzen uzten. Erraketistek ez zuten sona onik: orduko denboretako gizartean andrazko bat bakarrik ibiltzea ez zegoen ondo ikusita eta ez zen pentsatzen libre eta independiente zebiltzan haiek bizimodu ondraurik zeramatenik. Dirua barra-barra irabazten zuten eta gainera ikusle, korredore zein pilotalekuko beharginez inguratuta zeuden, gizonezkoak nonahi. Baina esames guztien gainetik Tonik beti erraketiston zintzotasuna defendatzen zuen.
Bere betiko senargaiarekin, Alfonso Arrietarekin ezkondu ostean, jokatzen jarraitu zuen, ohikoa ez bazen ere. Hark Eibarko Alfa lantegiko lana utzi eta emaztea aritzen zen pilotalekuan bulegari zereginetan hasteak Toniren aktibo jarraitzeko erabakia erraztu zuen. Bartzelonan bizi izan ziren luzaroan eta gerra garaian Eibartik ihesi zihoazen pertsona ugariri lagunduko zien bikoteak. Ez zuten seme-alabarik izan.
Hasi eta berehala ezaguna egin zen Toni eta puntarengoen artekoa izatera ailegatu zen. Madril, Bartzelona, Mexiko eta baita Habanako frontoietan ere trebatu zen, kirolari ibilbide oparoa osatuz. "Atzelari fenomenoa" izendatzen zuen prentsak, bere jokoaren gainean aritzen zenean. Kubara iritsi zenean, 750 pezeta kobratzen zituen hileko, libre: bidaia, hotela eta gainontzeko gastuak ordainduta zituen. Han oso kontrolatuta zeudela gogoratzen zuen, baina ez pentsatu dezakegun bezala emakumeak zirelako, apustuetarako iruzurrik egin ez zezaten baizik.
Andrazkoek andrazkoen kontra jokatzen zuten frontoietan, baina berak gizonezko bat aurkari izateko ausardia izan zuen. Senarrak partida hura ez zuen begi onez ikusten, emaztea gizon baten kontra jokatzeak larregi izango ote zen beldurrez. Baina gogoragarria izan zen: Bartzelonan jokatutako lehia hartan, Antonio Masip Saurari, Pedrín II izengoitiko tenis-jokalariari 30-29 irabazi zion Toni Salaberriak. Sasoiko kronikek, pala modalitatean Gallartako Txikitorekin eta esku-huskakoan Atano III.rekin alderatzen zuten.
Erraketari agur esan ostean, Eibarrera erretiratu zen eta zendu ere jaioterrian zendu zen, 2000. urteko azaroaren 28an.
Erreferentziak
- ↑ «Bataioa Jose Miguel, Salaverria, Laspiur» artxiboa.mendezmende.org .
- ↑ «Bataioa Jabiera Micaela Jeronima, Azcarate, Zaldivia» artxiboa.mendezmende.org .
- ↑ «Bizikleten alkilerra; umetako ibilerak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus .
- ↑ «Noiz eta nola hasi zen raketarekin jolasean - Ahotsak.eus» ahotsak.eus .
- ↑ (Gaztelaniaz) Diez Etxezarreta, Josune. (1994). Raquetistas: las reinas del frontón. Diario Vasco.
- ↑ «Eredutik benetako erraketara - Aintzinako lanbideak» ORAIN Gipuzkoa .
- ↑ (Gaztelaniaz) «Eibar 141 (verano 2018) — Patrimonio Cultural de Eibar - Egoibarra.eus» egoibarra.eus .
- ↑ «Eibarko lehenengo raketistak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus .
- ↑ «Raketistek fama txarra izan zuten garai batean - Ahotsak.eus» ahotsak.eus .
- ↑ «Salaverria Azcarate, Antonia - Ahotsak.eus» ahotsak.eus .
- ↑ «Gizonezkoen kontrako partidak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus .